Eskualde mailan sortu berri duten taldea aurkeztu dute gaur. Greziara laguntza bideratzeko bost euroko bono laguntzak kaleratu dituzte.
Taldeko argazkia atera dute proiektuko kideek.
Zaporeak proiektuak 2015ean hasi zuen ibilbidea. Ordutik, Hondarribiko zein Irungo ehunka boluntario Grezian janaria kozinatzen eta banatzen aritu dira. Gaur (larunbata) Hondarribiko Obispo hotelean, eskualdean sortu berri duten taldea aurkeztu eta Greziara laguntza bideratzeko sortu duten azken egitasmoaren berri eman dute.
Taldean irundarren presentzia handia egon da hasieratik, eta proiektua eskualde osora zabaltzeko erabakia hartu dute. Horrela, Bidasoan lanean jarraitzeko asmoz, Irunen ere Zaporeak proiektuaren talde bat sortu berri dute. Eskualdera hedatzeaz gain, taldeko kideen asmoa da Gipuzkoan eta Euskal Herrian hedatzea da.
Aurrera jarraitzeko “gogoz” daudela azaldu dute, “ilusioz beteriko” taldea osatu dutela Bidasoan. Grezian bizitutako esperientzia “eder eta gogor” horrekin jarraitzeko asmoa adierazi dute, eta horretarako, herritarren laguntza beharrezkoa dela nabarmendu dute.
Gaurko talde berriaren aurkezpenean, proiektuko kideez gain, Alameda jatetxeko Gorka Txapartegi eta Obispo Hoteleko jabe Bittor Alza izan dira, biek hartu baitute parte Zaporeak-en azken egitasmoan. Herritarrek zuzenean Greziako errefuxiatuei laguntza bideratzeko, bono laguntzak atera berri dituzte. Bost euroan eros daitezke bono horiek, Hondarribian (hurrengo egunetan non eskura daitezkeen zehaztuko dute) eta Irungo Kabigorri Ateneoan eta Orlegi dendan, baita Errenteria-Oreretako alamedako kioskoan ere. Bonoekin ondorengo hiru sariak zozkatuko dituzte:
- 1. saria: aste bat bi lagunentzat Ibiza eta Formenteratik Olatua belaontzian.
- 2. saria: bi lagunentzat Dastamena menua Hondarribiko Alameda jatetxean eta gaua Obispo Hotelean.
- 3. saria: afaria eta gaua bi lagunentzat, Hondarribiko Obispo hotelean.
700.000 otordu baino gehiago
Talde berria aurkezteaz gain, orain arteko ibilbideaz aritu dira. Jakinarazi dutenez, 2015ean hasi zirenetik, 400 boluntario baino gehiago izatera iritsi dira, eta guztiek, 700.000 otordu baino gehiago kozinatu eta banatu dizkiete errefuxiatuei. Zifra ikaragarria izan arren, oraindik jendea jan gabe geratzen dela salatu dute, eta aurretik ibilbide luzea dagoela errefuxiatuen egoera erabat aldatzeko. Egun, boluntarioak Atenasen daude, eta datozen hilabeteetan bestelako eremuetara joateko nahia adierazi dute. Atzo, esaterako, Atenasen bertan, 750 otordu eman zituzten. Errefuxiatuen egungo egoera “oso-oso txarra” dela azaldu dute Zaporeak-eko kideek, eta “errefuxiatuaren duintasuna beste edozeren gainetik” dagoenez, lanean tinko jarraituko dutela.
Prest dituzte bono guztiak.