Bilboko gaylesbotrans nazioarteko zinema jaialdiko sei film labur proiektatuko dituzte Kultur Etxean, horietako bat saritutakoa.

‘Marguerite’ filmeko fotograma bat
Azken urteetako ohiturari jarraituz, Bilboko gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiak geldialditxoa egingo du Hondarribian. Ostegun honetan izango da, 20:00etan, Denda kaleko Kultur Etxeko areto nagusian. Bilboko jaialdian proiektatu eta lehiatu diren sei film proiektatuko dira herrian, horien artean Marianne Farleyk zuzenduriko
Marguerite, Fikziozko edo Dokumentalezko Film Labur Onena izendatu dutena. Gainontzekoak honakoak dira:
The migrant mixtape,
Tailor,
Little potato,
Tarde para el recreo eta
Ornitorrinco.
Zinemaren eta artearen bidez identitate, genero eta sexu aniztasunaren gaietan sakontzea da jaialdiaren helburua. Badira urte batzuk Zinegoakek
Hedapenak atala abiatu zuela. Horren bitartez, jaialdian erakutsitako filmetako batzuk Bilbotik kanpora erakusten dira. Horrela, publikoari jaialdira hurbiltzen errazten zaio, eta ikus-entzunezkoen difusioa sustatzen da, zine areto komertzialetara ez baitira heltzen pelikula gehienak.