Erregionaleko Hondarribiak 3-7 irabazi dio Intxaurdiri eta lehen itzuliko hirugarren garaipena lortu du. 20 minuturen faltan 3-4 zihoazen.

Erregionaleko taldeko neskak, igoera faseko partida batean
Borrokatu eta gozatu, hori da Hondarribia FE-ko Erregionaleko talde sortu berriaren helburua bigarren fasean. Lehen urtean mailari egokitzea zuten helburua eta, ahal izanez gero, denboraldiko bigarren zatiari begira igoera faserako sailkatu. Hori ere lortu zuten, eta bigarren fasean partida guztiak borrokatzea, futbolaz gozatzea eta haiek baino hebeak diren taldeengandik ikastea bilatzen du Senior Mailako Hondarribiko talde gazteak.
Igandean Donostian horretarako denerako aukera izan zuten, igoera faseko lehen itzuliko azken partidan. Intxaurdiren zelaia bisitatu zuten hondarribiarrek. Etxekoak ziren faborito, 12 puntu zituztelako eta Hondarribiak 6 bakarrik. Baina irabaztera atera ziren berdeak, eta asko borrokatuta, irabazi egin zuten, baita gozatu ere: 3-7 izan zen azken emaitza. Partida guztian borrokatu eta gero azken 20 minutuetan oinarritu zuten hondarribiarrek garaipena.
Emaitzak kontrakoa azaltzen duen arren, partida ez zen erraza izan hondarribiarrentzat. Egia da markagailuan aurreratu zirela, Maite Riverak 4. minutuan sartutako golari esker. Baina etxekoak berdinketaren bila oldartu ziren, eta 10. minutuan bi gol sartu zituzten; 0-1etik 2-1era minutu batean, Nagore Cuadradoren bi golei esker.
Hondarribiko taldea, baina, ez zen behera etorri, eta segituan berdindu zuen markagailua; Kajal de Juanek 14. minutuan ezarri zuen 2-2koa. Eta atsedenaldiaren aurretik markagailua irauli zuten hondarribiarrek Garazi Zumetaren bitartez (36an).
Bigarren zatian ere bi taldeentzako izan ziren gol aukerak, baina Ainhoa Iñarraren neskek asmatu zuten gehiago. 62.ean Nora Fletak laugarrena sartu zuen, eta hiru minutura donostiarren erantzuna iritsi zen (3-4). Baina hortik aurrera hondarribiarrak gehiago izan ziren, eta beste hiru gol ospatzeko aukera izan zuten. Aiora San Miguel (70), Fleta berriro (82) eta Ainhoa Laguna (90) izan ziren azken hiru golen egileak.
Hobetzeko aukera
Igoera faseko lehen itzulia zortzigarren postuan bukatu dute hondarribiarrek, 9 punturekin (
ikusi sailkapena). Talde oso gaztea da —jokalari ia guztiak Gazte Mailako adina dute—, eta eskarmentu handiko aurkarien kontra lehiatzea egokitu zaie aurten. Baina azkar ikasten ari dira, eta Intxaurdiren kontra erakutsi dute bezala, partida guztietan lehiatzeko prest daude. Osasuna lagun badute, lehen itzuliko bederatzi puntuak hobetzeko aukera izan dezakete bigarren bueltan.