Txinzerrek zakarrontzi bikoitzak jartzearen kontra azaldu da, inguruko herrietan aspaldi ari direlako erabateko bereizketa egiten.
Hondarribiko Abotsanitz alderdiak haur parkeetan soilik ontzi arinak bereizteko zakarrontziak jarri izana kritikatu du. Txingudiko Zerbitzuak erakunde publikoak (Txinzer)
zakarrontzi bikoitzak jarri ditu Hondarribiko hamasei haur parkeetan; zakarrontzi horiak ontzi arinak biltzeko dira, ilunak beste hondakin guztientzako. Txinzerreko kudeatzaile Leire Zubiturrek eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak aurkeztu zuten iniziatiba hilaren 5ean, Muliate plazako parkean burututako agerraldian.
Abotsanitzek, “propaganda saio” hori kritikatu du: “Ezohikotzat, berezitzat edota izugarrizko jauzia eman izan balute bezala kaleratu dute berria, baina gure inguruko herri askotan urteak daramatzate kaleko edukiontzietan organikoa, ontzi arinak, papera eta errefusa bereizten”.
Oposizioko lehen taldearen arabera, eskualdeko birziklatze datuak ez dira onak —%48,5 2017an—, hondakinen erdia baino gehiago zabortegira doalako: “Eman den urrats berri hau ez da nahikoa, gainontzeko zaborra errefusaren edukiontzian metatzen ari garelako, zabortegiak betez eta erraustegiaren beharraren itzalpeko lana burutuz”. Horregatik, urratsa emateko eskatu dute, baina bai mankomunitatean, bai udalean euren proposamena baztertu izan dutelako kexu dira.
Abotsanitzek uste du hiri hondakinen gaia eztabaidan jarri behar dela, eta parte hartze prozesua abiatzea proposatu du: “Jarrera askoz arduratsuago eta parte hartzaileagoa izan behar dugu guztiok. Eztabaidarako, parte hartzerako eta ideia berrientzako espazioak sortu behar ditugu”.

Horiak ontzi arinak jasotzeko dira, ilunak beste guztiarentzako