Gazteen Zerbitzuak Pazko Asteko programak aurkeztu ditu. Aste honetan hasiko den antzerki tailerrerako oraindik badaude lekuak.
Arantxa Berrotaran Gazteria zinegotzia, aurkezpenean
Arantxa Berrotaran Gazteria zinegotziak Pazko Asterako gazteentzako antolatu dituzten programen berri eman zuen atzo Javier Ugarte kaleko Gazteen bulegoan. Baina programa horiek aurkeztu aurretik, aste honetan hasiko den antzerki tailerrerako oraindik lekua dagoela jakinarazi zuen. Mikel Sarriegik eskainiko duen euskarazko antzerki ikastaroa da,
orain bi aste berri eman zutena.
Asteazken honetan hasita, ekainaren 20ra arte, asteazkenero egingo dute antzerki tailerra Saindua Udal Gaztelekuan, 17:30etik 19:30era. 11-14 urteko gazteei zuzenduta dago, 50 euro ordaindu behar dira, eta hainbat helburu ditu, Berrotaranen hitzetan: “Antzerkiari hurbilketa ahalbidetu nahi diegu gazteei, emozioak adierazteko eta tentsioak askatzeko aukera eman. Hortaz gain, irudimena eta sortzeko gaitasuna garatu nahi da eta gorputzari buruzko kontzientzia hobetu. Gainera, gazteek taldean lan egitea eta taldean parte-hartzearen esperientzia izatea, eta esperientzia ludiko baten bidez euskara erabili eta trebatzea bilatzen du tailerrak”.
Berrikuntza izateagatik edo ikasturtearen erdian izateagatik, lekuak oraindik ez dira bete, eta bete arte ez dute zerrenda itxiko: “Hamabi plaza horiek bete arte zerrenda irekita mantenduko dugu. Uste dugu onarpen ona izango duela, eta hala bada, hurrengo urtean jarraipena emango genioke”, erantsi zuen zinegotziak. Gazteen Zerbitzuan (Javier Ugarte kalean) eman behar da izena, edo
Internetez.
GazteTek eta Konkis
Pazko Asteari begira bi proposamen egin ditu Gazteria departamentuak, GazteTek tailerren itzulera, eta abentura zaleentzako Konkis txangoa.
Gabonetako arrakastaren ondoren, GazteTek tailerrak egingo dituzte berriro, doan: “Tailer teknologikoak dira, Gabonetan oso harrera ona izan zutenak”. Bi adin talde desberdinei eskainiko zaizkie, 12-14 urtekoei, eta 15-17 bitartekoei. “Goizez errobotika landuko da, arratsaldez Instagram, irudia eta bideoa”. Atzotik eman daiteke izena eta hilaren 15ean itxiko dute. Apirilaren 3tik 6ra egingo dituzte GazteTek tailerrak.
Eta Pazko Asterako beste proposamena, DBHko ikasleek irrikaz espero dutena, Konkis Pirata txangoa izango da,
El Conquistador del fin del mundo telebista saioan oinarrituta, “Julian Iantzi berezi bat eta guzti izango duena”. Apirilaren 4, 5 eta 6an egingo dute, Pasai Donibaneko Piraten Etxean. Sainduak eta Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuak elkarrekin antolatutako ekintza da, eta gazte boluntarioen inplikazioari esker burutuko dela nabarmendu zuen Berrotaranek: “Denetara 51 pertsona mugituko dira, 12-16 urteko 40 gazte parte hartzaile, 16-18ko sei boluntario, eta gazteei laguntzeko bost hezitzaile”. Nerabeek, proba desberdinak burutuko dituzte, eta hiru egunez talde lanean eta elkarbizitzan trebatuko dira Arrokaundietako aterpean. Datorren astean abiatuko dituzte izen emateak, 12tik 16ra, Sainduan.
Datozen asteetan, gainera, Uda Jolas eta Uda abentura programetarako aurretiazko izen ematea irekiko dute. Hilaren 19tik 24ra izango da Uda Jolas programan apuntatzeko aukera; Uda Abenturan, apirilaren 16tik 21era.
Hitzaldia, merke bidaiatzeko
Hondarribiko Gazteen Zerbitzuan antolatzen dituzten ekitaldi guztiak gazteen neurrira antolatzen dituzte, haien eskaerak kontuan izanik. Eta hilaren 16rako prestatzen ari diren hitzaldiaz gauza berbera esan daiteke.
Merke bidaiatuz, hori da Ostaizka Serrak eskainiko duen solasaldia. Javier Ugarteko egoitzan izango da, 17:00etan, eta ezinbestekoa da izena ematea; ostegunetik aurrera egin daiteke,
posta elektronikoz, 943 64 47 52 telefonoan, edo sare sozialen bidez.