Lesvos irlako aparkaleku publiko batean konfiskatu dute. Paperak behar bezala eduki arren, 3.500 euro eskatzen dituzte kamioia itzultzeko
ADSNko bi kide, elkarteko bi emakumerekin, kamioia Hondarribitik abiatu zenean
Greziako poliziak Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldearen banaketarako kamioi isotermikoa konfiskatu du, eta 3.500 euro eskatzen ditu itzultzeko. Elkarteak adierazi duenez, iazko elkartasun zozketatik ateratako diruaren zati batekin erosi zuten ibilgailua, eta Accion Directa Sierra Norte (ADSN) gobernuz kanpoko erakundearekin batera Polikastron ireki zen okindegirako tresneria eramateko erabili zen. Han, ogiak banatzeko erabiltzen da.
Hondarribia-Katsikas irailean hasi zen Polikastroko okindegia finantzatzen eta bertara boluntarioak bidaltzen. Okindegi horretan ogi siriarra egiten dute eta errefuxiatuei nahiz etxe gabeei banatzen zaie: batetik, Polikastroko pisuetan eta Tesalonikako Nea Kavala kanpalekuan bizi diren errefuxiatuei; eta bestetik, Greziako bigarren hiria den Tesalonikan kalean bizi direnei, errefuxiatuak edo greziarrak izan.
Kamioia, Mitelineko portuan konfiskatuta
Hondarribia-Katsikasek jakinarazi duenez, Lesvos irlan atzeman du poliziak kamioia. “ADSNk
movil-kitchen proiektua abiatu nahi du Lesvosen; egunero bi mila otordu inguru emateko gaitasuna izango duen kamioi-sukalde bat da. Proiektu hori martxan jartzeko sostengu bezala eraman zuten kamioi isotermikoa, eta Miteline portuko aparkaleku publikoan zegoela bahitu dute”. Nonbait, Lesvosen garraiorako araudi berezia dute, kontinentekoarekin zerikusirik ez duena, eta horren arabera, garraio ibilgailuak ezin dira hiru egun baino gehiagoz egon irlan, eta laugarren egunean konfiskatu dute. “Kamioia itzultzeko, 2.000 euroko isuna ordaintzea eta kamioia Grezian matrikulatzea (beste 1.500 euro) eskatzen du poliziak, nahiz eta ADSN Grezian izena emanda dagoen erakundea den”, gaineratu dute Hondarribiko boluntarioek.
Gertatutakoak “samina eta haserrea” eragin dien arren, euren proiektuek etenik ez dutela izango ziurtatu dute: “Hondarribia-Katsikasek lanean jarraitzen du abian dituen proiektuetan, bai Polikastroko okindegi siriarrean, bai bertatik ateratzen diren ogien banaketan, baita Madrilgo Los Olvidadosekin eta beste erakundeekin abian dugun elkarlanean”.
Kanpainarik ez dute egingo
Kamioia itzultzeko 3.500 euro eskatzen dieten arren, Hondarribia-Katsikasek ez du diru-bilketarik egingo: “Arazo hau Grezian konponduko dugu, ADSN ari da horretan”. Hori horrela, argi utzi nahi izan dute hilaren 24an Klink elkarteak antolatu duen bazkaria ez dela kamioia berreskuratzeko izango. “Oso eskertuta gaude Klink elkartearekin, bigarren urtez jarraian gure jardueraren aldeko bazkaria antolatu duelako. Bertan lortzen den dirua elkartearen ohiko jarduera sustatzeko izango da, errefuxiatuen eta Tesalonikako etxegabeentzat ogia egiteko, inola ere ez kamioiaren erreskatea ordaintzeko”.