Elurtearen egunean aurkeztu zuten Emakumearen Astea
Arlo desberdinetan emakumearen parte hartzea sustatzeko xedez, Emakundek kontzientziazio kanpaina zabal bat burutu zuen 1990. urtean. Emakumearen Euskal Erakundea herriz herri ibili zen, eta Hondarribian sei emakumeren arreta piztu zuen. Maria Jesus Berrotaran, Tzane Carrillo, Ane Miren Aristondo, Leticia Olano, Maite Olaondo eta Maite Martin eztabaidatzen hasi ziren, herrian emakume elkartea sortzeko beharra ikusten zuten seiek. Hala, 1991eko martxoan Emeki jaio zen.
Haiek izan zirelako dira egungo Emekiko kideak, eta aurten, elkarteko batzorde eratzaileaz oroitu dira urtero martxoaren 8aren bueltan antolatzen duten egitaraua biribiltzeko antolatzen duten omenaldirako..
Herenegun egin zuten Emakumearen Asteko aurkezpena elkarteak Puntaleko eskola zaharrean duen egoitzan, eta bertan jakinarazi zuen Emekik aitzindariak omenduko dituztela aurten. Lehen batzordeko sei emakumetatik hiru egon ziren aurkezpenean, Aristondo, Berrotaran eta Carrillo. Haiekin, egungo arduradunetako batzuk, Kontxi Galardi presidentea buru zela, eta Maria Serrano zinegotzia udalaren izenean. Serranok omenduak zoriondu zituen, eta Emekiren lana txalotu «urte osoan egiten duzuen lanagatik, eta martxoaren 6tik 11ra doan asterako bildu duzuen egitarauagatik».
Eskerrak eman ondoren, Carrillo atzera begira jarri zen: “Hasiera oso gogorra izan zen, lan itzela egin behar izan genuen. Gizonen eta emakumeen berdintasuna zen gure helburua”. Askotariko hitzaldi, ikastaro eta saio antolatu zituzten hasierako urteetan, horien artean bertso saio berezi bat 1993an. Berrotaranek nabarmendu zuenez, “Euskal Herriko lehen bertso saio parekidea izan zen, bi emakume, Maialen Lujanbio eta Kristina Mardaras, eta bi gizon, Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano. Eta Mayi Iza gai-jartzaile”. Beste arrazoi bategatik ere historikoa izan zen Benta zaharreko saioa: “Lujanbioren lehen plaza izan zen”, argitu zuen Carrillok, 16 urterekin Hondarribian debutatu zuen hernaniarrak.
Egoitza, 1993an
Sortu eta bi urtera egoitza lortu zuen Emekik, San Pedro kalean. Ordura arte areto desberdinetan elkartzen ziren, udalaren azpiegiturak baliatuz. Egoitza lortzea mugarria izan zen, ikastaroak eta bestelakoak antolatzeko gaitasuna ematen zielako. Denetarik antolatu zuten, baina besteengandik bereizten diren bi aipatu zituen Carrillok asteazkenean. “Eskola gabetuentzako irakurtzen ikasteko ikastaroa, eta eskola graduatua lortzeko beste bat”.
Horiek eta askoz gehiago abiatu zituen Emeki elkarteak hastapenetan: Pintura lehiaketa antolatzen hasi ziren, baserri giroko inauteriak piztu zituzten… eta urtero emakume bat omentzen hasi ziren. Ia hiru hamarkada geroago eurek jasoko dute Emakumearen Asteko onarpena.
Aitzindariak izateagatik, ateak irekitzeagatik, gaurdaino iritsi diren hainbat ekimen abiatzeagatik, ausardia erakusteagatik, izan zirenak izateagatik elkartea sortu zutenak omenduko dituzte hilaren 11n Hondarribiko Puntaleko eskola zaharrean. Haiek izan zirelako da eta izango da Hondarribiko Emeki emakumeen elkartea.
Emakume zientzialariei aitortza
Emekiko aitzindariez gain, beste protagonista bat izan zen asteazkeneko aurkezpenean: Mari Jose Noain Maura arkeologo eta antropologoa. Emekirekin batera prestatutako hitzaldi ziklo batean, bi hilabetez historia genero ikuspuntutik berraztertzen aritu da, eta hilaren 7an Emakumeak eta Zientzia izango ditu hizpide Kultur Etxean, 19:00etan.
Noainen ustez, bi arrazoi daude zientzialari ezagun ia guztiak gizonak izateko. Batetik, emakumea beste arlo batzuetara bideratzen zutelako, “zientzia egiteko gai ez ginela esaten ziguten”. Eta bestetik, historia gizonek idatzi izan dutelako: “Orain oso argi dago gure ahalmenak berdinak direla, hitzaldian hori aldarrikatuko dut, eta historian zehar nabarmendu diren emakumeak berreskuratu”.
Emakumearen Astea. Egitaraua
Martxoak 6tik 11ra
Emakume artisten erakusketa, Arma Plaza kultur guneko goiko solairuan. 10:00etatik 18:00etara; igandean goizez bakarrik. Emekik eta Udalak antolatuta.
Martxoak 7tik 10era
Emekiko tailerretan egindako lanen erakusketa. Puntaleko eskola zaharrean. Emekik eta udalak antolatuta.
Martxoak 6
Nekane Juradoren Lucharon contra la hidra del patriarcado: mujeres libres liburuaren aurkezpena, gaztelaniaz. Abotsanitz Herri Batzarrak antolatuta. 19:00etan, Kultur Etxeko 103 gelan.
Martxoak 7
Emakumeak eta zientzia (Mujeres y ciencia) hitzaldia, gaztelaniaz, Maria Jose Noain Mauraren eskutik. 18:00etan, Kultur Etxeko areto nagusian. Emekik eta udalak antolatuta.
Martxoak 8
Emakumearen Nazioarteko Eguna Instagram lehiaketa, 18:00etan, Saindua Udal Gaztelekuan.
Martxoak 10
Figuras ocultas film luzearen proiekzioa. 19:00etan, Itsas Etxea Auditoriumean. 4 euro. Emekik eta udalak antolatuta (ikusi trailerara)
Martxoak 11
Emakumearen Asteko omenaldia. Txalapartariak, trikitilariak, bertsolariak… Emeki elkarteko lehen batzordeko kideak omenduko dituzte. Emekik eta udalak antolatuta.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.