Orain dela bi urte inguru, Irungo budismo zale talde batek Phende Ling elkartea sortu zuen. Larunbatero, Dana lokalean elkartzen dira, meditazio teknika ezberdinen bitartez, norberaren gatazkak konpontzen laguntzeko.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa.
Budismoa Asiatik iritsitako filosofia izan arren, munduko herrialde guztietara hedatu zen XX. mendean, baita Euskal Herrira ere. Budismo tibetarrean oinarritutako Irungo Dag Shang Phende Chö Ling elkarteak bi urte ditu jada eskualdeko herritarrei budismoaren mundua gerturatzen, eta egunerokotasunerako meditazio lanabes baliagarriak eskaintzen.
Huescako Panillo herriko Dag Shang Kagyu zentro ospetsuan eman zituen budismoaren munduan lehen pausoak Arantza Arenas Phende Ling elkarteko sortzaile irundarrak. Bertan, Irungo egungo elkarteko zuzendari eta zenbait kiderekin batera, erretiroak egin eta klaseak jaso zituzten. Orduan, 2016ko urtarrilean, oraingo zuzendariak Dag Shang Kagyu-ko lamak (budismo maisu eta gidariak) Irunera ekartzeko proposamena egin zuen, eta zenbait kiderekin batera, elkartea sortzera animatu ziren. Ordutik, urtean bitan, Huescako Drubgyu lama (bertako zentroko zuzendaria) hirira ekartzen dute, budismora gerturatzeko interesa duten guztiei saio eta klaseak eskaintzera. Ordutik, lama guztiek irakatsitakoa praktikan jartzen dute Irunen.
Baina, zertan datza benetan budismoak? Arenasen arabera, «gai hauek oso zabalak eta subjektiboak dira», baina oinarriak «denentzako berberak» direla azaldu du. Halere, irundarrak zehaztu du norberak budismoa ulertzeko modu konkretu bat izan dezakeela, eta praktikatzen dutenek gauza batzuei besteei baino «garrantzia handiagoa» ematen dietela. Arenasek, ordea, argi eta garbi du harentzat budismoa zer den, nola ikusten duen: «Filosofia bat bezala ikusten dut, bizitza ikusteko modu bat. Oinarrizko erreminta meditazioa denez, norberak bere buruarekin dituen gatazka edota sufrimenduak lantzeko teknika paregabea da». Meditazioa. Hori da irundarrentzat filosofiaren gako garrantzitsuena.
Meditazioa modu egokian egin ahal izateko, «teknika asko» daudela azaldu du, baina Phende Ling eskolan batez ere bi erabiltzen dituztela argitu du. Bietan, meditazioa egiten ari diren bitartean, testu zehatz batzuk irakurtzen dituzte, prozesuan lagungarri direnak. Horrela, bertan irakurritakoa, garunean bisualizatzen dute gero saioetan parte hartzen dutenek.
Saio horiek, Arenasen iritziz, «bizitzaren gaineko ikuspuntua aldatzeko» aukera ematen dute. «Niri hori pasatu zait»,aitortu du. Eguneroko lanak edota bestelakoek sortutako estresa lasaitzeko erreminta oso aproposa da meditazioa. «Barruko sufrimenduak lasaitzeko» ere oso baliagarria dela nabarmendu du.
Astean behin elkartzen dira Phende Ling-eko kideak, Katea auzoko Dana zentroan, larunbatetan zehazki. Baina soilik astean behin elkartu arren, denek euren kabuz etxean egunero meditazioa praktikatzen dute, irundarrak esan bezala, garrantzitsuago baita egunero pixka bat egitea, astean behin ordu luzez egitea baino. Hau da, meditaziorako ariketak denbora ez askokoak, baina maiz egitea proposatu du.
Denen ongizatea
Budismoa norbanakoek praktikatu arren, taldean jarri du Arenasek garrantzia. Izaki guztien onurarako esaldia budismoaren munduan oso garrantzitsua dela azaldu du irundarrak. «Zu ondo baldin bazaude ondokoari ere bere prozesuan lagunduko diozu», adierazi du. Klase edota saio guztietan norberaren garuna lasaitzeko, besteen egoera kontuan hartzea garrantzitsua dela argudiatu du, «lasai bazaude, besteen prozesua ulertzea errazagoa izango baita».
Meditazioaz gain, Gipuzkoako budista elkarte batzuek gizarte keinu ugari egin dituzte azken urteotan. Donostiako elkarte budista ezagun batek, esaterako, Tibetera laguntza mordoa bideratu duela azaldu du Irungo bizilagunak. Horrez gain,haurrak babesean ere hartu dituzte, batez ere Asia inguruko herrialdeekin elkarlanean. Gainera, Nepalen lurrikarak jasan zituzten eremuetara ere Gipuzkoatik diru laguntza bidali zuten. Irungo zentroko kide batzuek ere laguntza bideratu dute, baina elkarte bezala ere etorkizunean tankera horretako keinuak egiteko asmoa adierazi dute.
Guztira, hamar kidek praktikatzen dute budismoa Irungo Phende Ling zentroan. Gazteenak 37 urte ditu, eta helduenak, berriz, 60. Adin guztietako irundarrak gerturatu dira azken bi urteetan meditazioa praktikatzera. Eta, onartu dutenez, «pixkanaka», geroz eta kide gehiago dira. «Talde nahiko trinkoa osatu dugu bazkide eta bazkide ez direnen artean, aurrera egiten ari gara», gehitu du. Azken hilabetean bi kide berri gehitu zaizkiela azaldu du, eta elkartekoak «zoriontsu» daude Irunen osatu duten taldearekin.
Budismoa praktikatu ez arren, herritar guztiak animatu ditu Arenasek egunero denbora labur batez erlaxazio teknikak egitera. Eta budismora gerturatu nahi dutenek aukera izango dute gaur, Irungo Dana zentroan, arratsaldeko 19:00etan, Huescako lama entzuteko.