Irungo Loiola baserriko Eugenio eta Konstantino Agirretxe dultzaineroei omenaldia egin diete, euren ibilbidea jasotzen duen disko-liburu berezi batekin.
Irudian, Juan Mari Beltran, Juncal Eizagirre, Joxemi Aranburu eta Iñaki eta Joxe Luix Agirretxe, asteazkeneko aurkezpenean.
Agirretxe abizenak asko eman dio euskal musikari. Eugenio eta Konstantino Agirretxe anaiak izan dira Gipuzkoako eta Euskal Herriko dultzainero ezagunenetarikoak. Biek Irunen egin zuten bizitza gehienbat, eta orain, bi anaiei eta aurreko zein ondorengo Agirretxetar belaunaldiei behar bezalako omenaldia egin berri diete.
Herenegun, Irungo udaletxean,
Agirretxetarrak, Gipuzkoako dultzainaren testigantza disko-liburua aurkeztu zuten. Bertan, Kultura saileko Juncal Eizagirrerekin batera, Soinuenea Herri Musikaren Txokoko Juan Mari Beltran, Meakako Adixkideak-eko Joxemi Aranburu eta Eugenio eta Konstantinoren seme Iñaki eta Joxe Luix Agirretxe izan ziren. Azken biak, Agirretxetarren belaunaldi berrienekoak dira.
Bi senideen asmotik sortutako lana izan da, elkarte horiekin eta Agirretxe familia bizi izan den hiru udalerrietako udalekin elkarlanean: Irun, Lezo eta Errezilgo udalekin zehazki. Irungo Udaleko Kultura saileko ordezkariak adierazi zuenez, «oso proiektu interesgarria» izan da udalarentzat, euskal kultura eta Agirretxe familiak Irunekin izan duen lotura hori «balioan» jartzeko aproposa izango baita.
Lehen belaunaldiak Errezilen egin zuen bizitza, bertan bizi zen aitonarengandik datorkie Agirretxetarrei dultzainarekiko zaletasun eta miresmen hori. Bigarren belaunaldia [Eugenio eta Konstantinorena zehazki] Irunen jaio zen, Katea auzoko Loiola baserrian hain zuzen ere. Hirugarren belaunaldiaren zati handienak Irunen jarraitzen du, baina Konstantinoren seme Joxe Luixek zehaztu zuen hura Lezon bizi dela.
Asteazkenean kaleratutako lanak bi aurrekari izan ditu orain arte:
Dultzaina Gipuzkoan. 1950. hamarkada arte [2004] eta
Dultzaina Gipuzkoan. XX. mendeko Gipuzkoako dultzaineroen musika [2015]. Bi lanetan izan dute presentzia nabarmena Joxe Luix eta Iñakiren senideek. Bigarren lanak, musika entzun eta partiturak eta kontaketak irakurtzeko aukera eskaintzen zuen. Joxe Luixek zehaztu zuenez, Gipuzkoako Dultzaineroen Bilduma orokorreko 176 piezetatik, 52 pieza Agirretxetarren errepertoriokoak ziren.
Hogeita hamar pieza
Soinueneako Juan Mari Beltran izan da, senideez gain, Eugenio eta Konstantino ondo ezagutzen zituen familiaren lagunetako bat. Hark egin ditu edizio eta argitaratze lan guztiak. Disko-liburuan, idatzizko zein entzunezko atalean, hiru belaunaldiak ikertu dituztela azaldu du, 1920ko Joxe Mari, Alejandro eta Joxe Manueletik, bigarren belaunaldiko Eugenio eta Konstantinotik pasata, ondorengo Iñaki eta Edurne Agirretxe arte.
Agirretxetarrak, Gipuzkoako dultzainaren testigantza disko-liburuan, guztira, hogeita hamar pieza entzun daitezke, tartean,
Ariñ-ariñ,
Diana,
Pasodoblea edota
Erraldoien baltsa pieza klasikoak. Hiru belaunaldiei erreferentzia eginez, hiru atal nagusitan banatu dute diskoa.
Disko zaharrak lehen atalean, Agirretxetarrek garai batean jotzen zituzten piezak sartu dituzte. Bigarrenean,
1989ko grabazioak deiturikoan, izenak dioen bezala, bi anaiek garai hartan grabatutakoa entzun daiteke eta
2004ko HM udako kontzertua hirugarren atalean, Oiartzunen Eugenioren alaba eta Iñakiren arreba Edurnek eskainitako hamabi pieza entzun daitezke. Berezitasun bezala, 1989an sortutako pieza horiek Eugenioren baserriko garajean grabatu dituztela azaldu du Beltranek.
Musikaz gain, berrogeita hamar bat orritan, Agirretxe familiaren historia guztia irakurtzeko aukera dago, baita Eugenio eta Konstantinok Gipuzkoako dultzainari emandako ekarpen, errepertorio eta sorkuntza guztien informazioa ere. Hori baita, musika sortzeaz gain, bi musikarien berezitasunetako bat: euren aitak bezala, dultzainaren soinua perfekzionatzeko teknika eta tresna ugari sortzeko ohitura zuten.
Beltranek azaldu zuenez, diskoan pieza bat errepikatuta dagoela ohartuko dira lehen aldiz entzungo dutenek, baina hori «nahita» eginda dagoela onartu du. Lehena 1920ko hamarkadan grabatutako pieza bat da, eta bestea, berriz, Eugenioren Loiola baserriko garaje horretan egindako grabazio berbera da.
Diskoa jada kaleratu dute [Soinuenean eskura daiteke], eta hori behar bezala ospatzeko, festa egingo dute igandean Irungo San Juan plazan. Joxemi Aranburuk azaldu duenez, urritik ekainera bitarte hilabeteroko lehen igandetan egiten duten mutxiko eta dantza ekitaldia Agirretxetarrei eskainiko diete datorren igandean. 12:00etatik aurrera, diskoko abestiak dantzatuko dituzte, hiriko bi dultzainero ospetsuenei merezitako omenaldia egiteko.
Lezoarrek ere omenaldia egingo diete bi anaiei
Konstantino Agirretxe Irunen jaio zen arren, Lezora egin zuen jauzi eta bertan osatu zuen familia. Haren seme Joxe Luix Agirretxek azaldu duenez, Lezon egun osoko egitaraua antolatu dute hilaren 10erako, bi anaien lanari eta herriari egindako ekarpenari aitortza egiteko.
Lesoinu aste pedagogiko musikalaren barruan kokatu dute omenaldi ekitaldia. 10:00etatik aurrera, 50 dultzainero baino gehiagok Lezoko kaleak zeharkatuko dituzte, Agirretxe anaien piezak joz. 12:00etan, eta udaletxean, disko-liburuaren aurkezpena egingo dute eta ondoren, bazkaria antolatu dute. Gauera bitarte, Eugenio eta Konstantinoren piezek Lezoko kaleak musikaz beteko dituzte, harrotasunez.