Artisau garagardoaren azoka egingo dute asteburuan Ficoban, Edateaz gain, food truck-etan jaki goxoak dastatzeko aukera izango da.
Gaur aurkeztu dute garagardogileek eta Ficobako kideek azoka.
Ficoban asteburua oparo dator. Erakustazokan goxo-goxo egoteko aukera egongo da artisau garagardoarekin, jakiak salduko dituzten furgonetekin, eta musika onarekin. Menu ona.
Bask’n Brew Beer Festival egingo dute ostiral eta larunbat artean. Euskadiko Artisau Garagardoaren Azokak food truck delakoen laguntza izango du. Hau da, 21 garagardogile artisauk aurkeztuko dituzten 100 garagardo ezberdinak dastatzen diren bitartean, furgonetetan egin eta zerbitzatzen diren jakiak irensteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Garagardoak bertakoak eta nazioartekoak (Suedia, Danimarka, Alemania edo AEBtako markak izango dira) izango dira, den-denak produkzio txikikoak eta zainduak. Etxekoak ia.
Garagardoak dastatzeaz gain, ekoizle horiekin solasaldi informalak izateko aukera izango da, stand modukoetan kokatuko dituztelako urre horiaren egileak, galderak eta kezkak helarazteko aukerarekin.
Ostiralean 18:00etatik 02:00etara izango da zabalik Bask’n Brew Beer Festival; larunbatean 12:00etatik 02:00etara. Sarrera 5 eurokoa da egun bakoitzeko helduentzat (edalontzia ematen dute), eta 12 urtetik beherakoek debalde dute sarrera.
Musika
Tragoska eta mokadu artean, musika. Azokaren antolatzaileek esan dute “kontu handiz aukeratutako” musika izango dela, eta horren erantzule bi talde egin dituzte: ostiralean 23:00etatik aurrera Lie Detectors, eta larunbatean, ordu berberean hasita, Dead Bronco.
Garagardoak
Honakoak dira asteburuan dasta daitezkeen garagardoen egileak:
- Bidassoa Basque Brewery
- Mala Gissona
- Basqueland Brewing Project
- Gross
- Zarautz Beer Company
- Laugar Rebel Beers
- Basquery
- Dougall’s
- Caleya
- La Quince
- The Flying Inn
- La Debauche
- Ayinger
- Omnipollo
- Brewski
- Mikkeller
- Sesma Brewing
- Clown Shoes
- Four Lions
- Marina
- Naparbier