Irungo haurtxokoek Lur Maitte programa estreinatuko dute. Maider Aizpuruak sortu du programa, eta helburu bezala haurrak naturara hurbiltzea du.
Gaur aurkeztu dute programa berria.
Irungo Udaleko Gazteria ordezkari Monica Martinezek jakinarazi duenez, Irungo haurtxokoek Lur Maitte programa estreinatuko dute. Maider Aizpuruak sortu du programa, eta helburu bezala haurrak naturara hurbiltzea du.
Apiriletik ekainera bitarte jorratuko dute programa, 30 saio ezberdinetan. Orain arte areto batean egindakoa kalera aterako dute. Jolas libreak, ingurumen tailerrak, heziketa emozionala jorratzeko saioak edota hiri barruko baratzeen esplorazioa izango da haurrek egingo dituzten jardueratako batzuk. Horrela, haurtxoko bakoitzean, haur bakoitzak bere esplorazio motxila izango du, ondorengo tresnekin: lupa bat, linterna bat, larrialdietarako txilibitu bat, altxorrak gordetzeko poltsa bat, arkatz bat eta liburuxka bat.
Bi txandatan banatuko dituzte saioak, parte hartzaileen adinaren arabera. 4-11 urte bitarteko haur irundarrei bideratu diete deialdia. Ondorengoa da, kalean egingo dituzten haurtxokoen ordutegiak:
- Lapitzeko haurtxokoa: astelehenetik ostiralera izango da, 17:00etatik 20:00etara.
- Kateko haurtxokoa: astelehen, asteazken eta ostiraletan egingo dute, 16:30tatik 19:30tara.
- Palmera Monteroko haurtxokoa: astelehen, asteazken eta ostiraletan, 16:30tatik 19:30tara.
Programa guztia aurkezteko, datorren martxoaren 3an, haurtzaroan eta hezkuntzan aditua den Heike Freirek hitzaldia eskainiko du, Ficoban.