Alkateak bertan behera utzi du beilatokia eraikitzeko baimena, "Aire Segurtasunerako Estatu Agentziaren txostena jaso arte".
Gabarrari kaleko lehen zenbakian egin nahi dute beilatokia
Txomin Sagarzazu alkateak bertan behera utzi du Gabarrari kalean beilatoki bat jartzeko urtarrilaren 8an emandako lizentzia. Baina horrek ez du esan nahi atzera egin duenik. Alkatetzak komunikabideei bidalitako oharrean azaltzen denez, hartutako erabakiak ez du zerikusirik
PSE-EEren eta Abotsanitzen salaketekin: “Egun, Aire Segurtasunerako Estatu Agentzia (AESA) erakundearen zortasun aeronautikoen tramitazio fasean dago. Ondoren, baldintza guztiak betetzen baditu, dagokion prozesu administratiboa jarraituko du”. Beraz, dekretua bertan behera utzi du alkateak, baina behin behinekoz, “AESAren dagokion txostena jaso arte”.
Oharrean azaltzen da joan den asteko Udalerria batzordean eztabaidatu zutela gaia lehen aldiz. Aurretik ez, beilatokia eraiki nahi duen enpresak eskaera azaroan egin zuen arren.
Sagarzazuren arabera, “proiektuak eraikuntzarako aldeko txosten teknikoak jaso ditu, beti ere indarrean dagoen hirigintza-araudia jarraituz”. Baina iazko ekainean EAJk —jeltzaleen aldeko botoak bakarrik izan zituen— onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean zehazten denez, eremu horretan ezingo da ezarri arrantza edota itsasoari lotutakoa ez den jarduerarik, eta espresuki debekatzen dira osasunarekin zerikusia duten jarduerak, edota aparkatzeko behar bereziak dituztenak.