PSE-EE eta Abotsanitz Gabarrarin beilatoki bat jartzearen kontra

Beilatokia Gabarrari kalean

Gabarrari kaleko lehen zenbakian egin nahi dute beilatokia

Gabarrari kalean beilatoki bat eraikitzeko lizentzia eman du Hondarribiko Udalak. Oposizioak, lizentzia eman eta gero izan du proiektuaren berri. Sozialistek modua kritikatu dute, Abotsanitzek errekurtsoa jarri du, hirigintza arauen kontra doalakoan.

Ostiralean PSE-EEk bidalitako oharrean jakinarazten zenez, urtarrilaren 8koa da lizentzia, eta “lizentzia eskaini eta hiru hilabeteko epera hasiko lirateke obrak”. Iosu Alvarez zinegotzi sozialista haserre azaldu da lizentzia eman eta gero enteratu direlako, “Hondarribiarentzako intereseko proiektua izanik”.

Abotsanitz harago joan da, eta errekurtsoa aurkeztu du. Igor Enparan bozeramalearen ustez, hirigintza arauak urratzen ditu proiektuak: “Eremu hau Itsas eta Arrantzako ekonomia jarduerak garatzeko erabilera bereizgarria jasoa du. Eta ez espresuki debekatzen duen osasun aktibitatetarako (beilatokiek izaera hori dute), bolumen handiko pertsonen sarrera eta aparkatzeko eskaera berezia eragingo duten aktibitatetarako”. Errekurtsoa jarrita, “eremua dagokion Itsas eta Arrantza erabilerako garapenerako besterik bideratua izan ez dadin” bilatu du oposizioko lehen taldeak.

Gainera, prozesura hain azkar egin izan delako harridura azaldu du Abotsanitzek. Izan ere, eskaera azaroa bukaeran egin zen, eta lizentzia urtarrilaren 8koa da. “Hondarribiko edozein herritarrek edonolako obra txikia egiteko nahiko lukete horrelako tramitazio azkarra”, erantsi du Enparanek.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend