Eguraldia lagun ez izan arren, San Juan plazan jendetza elkartu da, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako elkarretaratzean.
Sinadura bilketarekin hasi dira gaur.
Gaur, azken asteetako mobilizazio handiei jarraipena emateko, beste behin, Irun, Hondarribia eta Hendaiako ehunka pentsiodun kalera atera dira. Eguraldia lagun ez izan arren, San Juan plazan jendetza elkartu da, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako elkarretaratzean.
Gaurkoan, hiru aldarri nagusi egin dituzte: orain arteko galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, %0,25eko igoera salatzea eta etorkizuneko pentsioak bizitzaren kostuaren arabera aktualizatzea. Hori da Bidasoko pentsiodunek etorkizuneko mobilizazioekin lortu nahi dutena, eta egoerari buelta eman arte
mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri zuten joan den astean. Aldarriez gain, gaur sinadura bilketarekin hasi dira. Guztira, Espainiako Estatu mailan, bi milioi sinadura lortzea espero dute.
Datorren ostegunerako (hilak 22), Espainiako Estatu mailan deitu dituzten mobilizazioei atxikitu dira Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. Herriz herri egingo dituzte mobilizazioak Gipuzkoan, eta Irunen, elkartu ondoren, manifestazio gisa hiriko kale esanguratsuenak zeharkatuko dituzte. Amaitzean, Fatima Bañez ministroari gutun bat bidaliko diote.