Skate taulekin egindako sorkuntzekin Alex Arozenaren erakusketa atondu dute Martindozenea gaztelekuan. Taulak pertsonalizatzeko tailerra ere egingo dute.
Gaur aurkeztu dute erakusketa Arozenak, Monica Martinez Gazteria ordezkariak, eta Garikoitz C. Murua Gaztearteanen koordinatzaileak.
Irungo Martindozenea gaztelekuan erakusketa zabalduko dute bihar (18:30ean) martxoaren 18ra arte. Skate taulena da. Baina ez da horien ezaugarrien berri ematen duen mostra, ez. Taula zaharrak berrerabiliz Alex Arozenak sortutako erakusketa da, irristaketa kirol horretan erabiltzen den euskarriari zentzu eta forma anitzak emanaz.
Berskate izena jarri diote erakusketari.
Hala, taula bat adibidez oharrak jasotzeko arbela da. Beste batek, esaterako, kandelak ditu, etxe argiztatzeko edo. Bada beste bat belarrezko azalera duena, oinutsik skatean aritzeko. Bitxia bada behintzat Arozenaren proposamena.
Gazteartean egitasmoaren barruko erakusketa da Arozenarena. Eta egitasmoan ohitura denez, tailerra ere izango da. Hala, hilaren 22an eta 18:00etatik 20:00etara, skate taulak pertsonalizatzeko tailerra emango du Arozenak berak. Plazetan muga du tailerrak (hamar), eta izena aldez aurretik eman behar da 943 63 68 26 edo 690 706 471 telefono zenbakietara deituz, edo
gaztelekuaren posta elektronikora mezua idatziz.
Erakusketa asteartetik ostegunera 17:00etatik eta 20:00etara egongo da zabalik; ostiral eta larunbatetan, berriz, 17:00etatik 21:00etara.