93 ontzi elkartuko dira bihar Oriaren XXIV. Traineru Jaitsieran. Hondarribia Arraun Elkarteak lau trainerurekin eman du izena.
Ama Guadalupekoa, Iker de la Linde lemazain duela, etxeko jaitsieran
Ordu eta erdi pasatxo minutuero traineru bat abiatzen. Hori da bihar Orion gertatuko dena, 93 ontzi elkartuko baitira Oriaren XXIV. Traineru Jaitsieran, 1.850 arraunlari baino gehiago. Inoiz antolatu den traineru estropadarik handiena izango da, eta Hondarribia Arraun Elkarteak bandera hori etxera ekarri nahi du. Noski, ez da asmo horrekin uretaratuko den elkarte bakarra izango.
16:30ean abiatuko da lehen ontzia eta 18:02an azkena (
ikusi irteera ordena). Lehenengo llagut eta llaut ontziak —Mediterraneokoak, traineruen antzerakoak— irtengo dira (4 ontzi), gero gazteak eta mistoak (5), jarraian beteranoak (21), ondoren nesken traineruak (20), eta azkenik, gizonezko seniorren eskifaiak (43). Azken hauek 6.000 metroko ibilbidea osatu beharko dute, beste lau mailetakoek lau kilometrokoa.
Hondarribiarrek lau trainerurekin bidaiatuko dute Oriora, Gazte Mailako bat, eta seniorretako hirurak, gizonen biak eta emakumeena. Gizonen A eta B ontzientzat neguko bigarren proba izango da
etxeko jaitsieraren ondoren, laugarrena neskentzat. Gazte Mailako eskifaiak, aldiz, estreinako proba izango du Oriako jaitsiera.