The Titanians eta BassHerri taldeek joko dute larunbatean, Jamaikako erara, zuzeneko musikariekin eta sound system azpiegiturarekin.
The Titanians iruindarrak, dub formatuan
25 urte beteko ditu aurten
Psilocybenea kontzertu aretoak. Ohartu gabe mende laurdena bete du Hondarribiko musikari elkartearen egoitzak. Ehunka talde pasatu dira bertatik, milaka zale, hamaika estilo desberdin.
Baina bada zerbait Amutalde kaleko aretoak oraindik programatu ez duena, eta hori dub saio bat da. Hutsune hori larunbatean beteko du Psilocybeneak, egun horretarako antolatu baitute OnDUBrribi#1 jaialdia. Iruñeko
The Titanians eta Bakio-Mungiako
BassHerri Sound System joko dute Psilocybenean 21:00etatik aurrera eta itxi arte. Dub saioa izango da, hau da, Jamaikako erara, zuzeneko musikariekin eta sound system azpiegiturarekin. Sarrerak 7 euroan jarri dituzte salgai.
Ander Morate antolatzaileak nabarmendu duenez, “lehen aldia da eskualdean halakorik egiten dena”. Reggae zalea da Morate eta badu talde bat Psilocybe Elkartean, “The Arrytmiks, baina zaletasun bezala, oraindik ez dugu ezer grabatu”. Reggae eta sound system kultura maite ditu, eta askotan mugitzen da lagunekin Bizkaira, han indarra hartzen ari direlako dub sesioak: “Sound System asko daude han, arrakasta du, eta askotan joaten gara hara, sortzen den giroa ikusita”. Eta pentsatu zuen, “zergatik ez hemen, Psilocybenea edukita”. Horrela sortu zen OnDUBrribi jaialdiaren lehen ekitaldia.
Bi talde gonbidatu dituzte lehen ekitaldira, eta ez edonolakoak: “Aurrena BassHerriren saioa izango da, biniloekin eta ahotsarekin, lehen aldiz joko dute Gipuzkoan. Eta gero Titaniansen dub saioa, abeslariarekin eta hiru haizeekin, tronpeta, tronboia eta saxofoia. Reggae banda da berez Titanians, baina dub formatua ere badu, eta horrela etorriko dira”. Iruindarren zuzenekoaren ondoren, berriro pintxatuko dute bizkaitarrek, argiak itzaltzeko ordura arte. Moratek gaineratu duenez, elkar ezagutzen duten taldeak dira biak, eta Psilocybeneako kontzertuan ez da ezustekoa izango elkarrekin zer edo zer egiten badute.
Larunbaterako zer espero duen galdetuta, lagunekin Bizkaira bila joaten den hori etxera ekartzea espero duela erantzun du Moratek: “Giro oso ona espero dut, gu mugitzen garen bezala, seguru kanpotik jende asko etorriko dela, eta dantzarako gogoz etorriko direla”.
OnDUBrribi#1 reggae-dub jaialdiak estreinatuko du Psilocybenearen 25. ekitaldia. Dena ongi, 2019an bigarrena antolatuko nahiko luke Moratek: “Aurten urte berezia izango da, hainbat gauza prestatzen ari dira. Nik ekarpentxo hau egin dut, modu ona iruditzen zait hain urte berezia hasteko, gauza berri batekin egitea. Betiko gauza onak mantendu, eta berriak sartzen joatea”.
Lehen aldiz joko du BassHerrik Gipuzkoan, sound system azpiegitura eta guzti