Etorkizuneko L-1 linea elektrizatu eta bestelako mugikortasun proiektuak bideratzeko, Europako Diru Funtsetik 2,1 milioi euro jasoko dituzte.
Irunbus zerbitzuko autobusa.
Irungo Udaleko Mugikortasun saileko ordezkari Cristina Labordak jakinarazi berri duenez, Gipuzkoako lehen autobus zerbitzu elektrikoarentzat diru laguntza jasoko dute Europatik.
‘Smartmob’ proiektuaren barruan kokatu dute Europako Diru Funtsetik jasoko duten laguntza. Proiektu horretan, Irungo Udalak, Agglomeration Sud Pays Basque, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoa eta Hendaiako Udalak egiten dute lan.
Autobus proiektu berrirako dirua jasotzeaz gain, inguruko bestelako egitasmoetarako, guztira, 2,1 milioi euroko diru laguntza jasoko dute (guztiak eskualde eta inguruan mugikortasun jasangarria sustatzeko). Horietatik, L-1 linea elektrizatzeko 392.971 euro inbertituko dituzte.
Autobus elektriko berria 2018 urtea amaitu baino lehen estreinatzea espero dute udaletik.