Datorren larunbatetik (hilak 17) maiatzera bitarte, zortzi dokumental eskainiko dituzte Amaia Kultur Zentroan, guztiak doan.
Gaur eman dute egitarauaren berri udalean.
Irungo Udaleko kultura sailak ‘Dokirun’ egitasmoa antolatu du. Gaur aurkeztu dute egitaraua Kultura saileko ordezkari Juncal Eizagirrek, ‘Arte al agua’ dokumentalaren produktore David Berraondorekin batera.
Amaia Kultur Zentroan ikus entzunezko zortzi lan ikusteko aukera izango da datozen asteetan. Berezitasun bezala, dokumentalen protagonistek gidatuko dute proiekzioa, euren esperientzia eta lana nolakoa izan den azaltzeko bertaratutakoei. Zortzi lan horietatik, hiru Fernando Larruquert zinegilearen esposizioarekin erlazionatutako dokumentalak izango dira, hiruk itsasoa jorratuko dute, bat proiektu solidarioa izango da eta azkenik Jose Maria Zabalza zinegile irundarraren inguruko ikus entzunezko lana proiektatuko dute. Ondorengoa da egitaraua:
- Otsailak 17: ‘Arte al agua. Los bacaladeros de Terranova’.
- Martxoak 2: ‘Ama Lur’.
- Martxoak 8: ‘Agur Everest’.
- Martxoak 16: ‘Euskal Herri-Musika’.
- Apirilak 6: ‘Baskavigin. La matanza de los balleneros vascos’.
- Apirilak 20: ‘Directos Z. El vendedor de ilusiones’.
- Maiatzak 4: ‘El hombre que empezo a correr’.
- Maiatzak 20: ‘Elkarrekin-Together’.
Kultura sailetik jakinarazi dutenez, ikus entzunezko proiekzio guztiak doakoak izango dira. Bertaratzeko, turismo bulegoan edota Amaia Kultur Zentroan bertan gonbidapenak eskura daitezke. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira (martxoaren 8ko proiekzioa ezik, 19:30ean emango diotela hasiera).