EAJk auzibidera joko duela jakinarazi du goizean. Iridoyren adierazpenen aurrean, bigarren alkateordeak bere "haserrea" adierazi du.
Cristina Laborda, artxiboko irudian.
Gaur goizean, Irungo EAJko Xabier Iridoyk eta Lander Ugartemendiak
auzibidera joko dutela jakinarazi dute, Santanok egin dituen “akusazio faltsuak” froga bidez aurkeztu ditzan.
Irungo Udaleko bigarren alkateorde Cristina Labordak (PSE-EE) azkar erantzun dio Iridoyri. Lehenik, Iridoyren hitzak entzutean “oso arriturik” geratu direla adierazi du; euren “haserrea” plazaratu nahi izan dute. Azalpenak, alkateak beharrean, Iridoyk berak eman behar dituela azaldu du. “Txosten teknikorik gabe” hirigintza adostasun baten berri hedabideetan emateko arrazoia ezagutu nahi dute alderdi sozialistakoek, ia hilabetez, “beharrezko azalpenak” entzuteko zain egon direla. Eta Labordak adierazi duenez, “larriena”: PSE-EEtik Hirigintza ordezkari ohiari azalpenak eskatu dizkiotenean, bere hitzekin “akordio pertsonal bat dela, txosten teknikoak iritsiko direla eta horiekin iragarritakoa baieztatuko duela” argudiatu duela salatu du.
Bestalde, Hirigintza ordezkari ohiaren “ihesaldi horretan”, soilik Irungo alkatearen aurkako “deskalifikazioak” aurkitu dituztela salatu du Labordak. Jokaera horrek, irundarren ongizatea bilatu beharrean, “azken asteetan bere arazo pertsonaletan zentratu” dela pentsatzera eraman dezakeela ere adierazi du. Amaitzeko, Labordak egoerarekin lasai daudela adierazi du: “Egoera honen aurrean lasai gaude, alkatearen hitzak beti neurtuak izan direlako”.