Lau urteren ondoren, Bidasoa Atletiko Taldeak antolatuta, Irungo Maratoi Erdia egingo dute. Dagoeneko 700 partaidek izena eman dute.
BATeko kideez gain, babesleak izan ziren atzoko aurkezpenean.
Atzo, Irungo Palmera Montero Gunean, hilaren 25ean egingo duten Irungo Maratoi Erdiaren aurkezpena egin zuten. Bidasoa Atletiko Taldeak antolatu du lasterketa eta lau urteren ondoren, irundarrek zein gertuko herrietako bizilagunek maratoi erdi batean berriz ereparte hartzeko aukera izango dute. Bi lasterketa ezberdin egiteko aukera izango dute korrikalariek: maratoi erdia edo hamar kilometroko ibilbidea. Dagoeneko 700 korrikalarik izena eman dute, eta
oraindik apuntatzeko aukera dagoela jakinarazi dute.
10:00etan hasiko dira bi lasterketak, maratoi erdia eta 10 kilometrokoa, Zabaltza plazatik aterata. Hiriko leku esanguratsuenak zeharkatuko ditu lasterketak. Hiriari bi bira emango dizkiote lasterkariek (maratoi erdian; 10 kilometrokoan bakarra), eta bigarren buelta egin ostean San Juan plazako helmugara iristeko. Bi lasterketek Gipuzkoako Atletismo Federazioaren oniritzia dute.
Lasterketa guztian zehar, janari zein edaria eskuragarri izango dute korrikalariek: orotara, bost anoa postu izango dira (4,5, 10, 15, 18 kilometroetan eta helmugan). Lasterketaren bidean ere animazio puntuak egongo dira, musikarekin.
Lasterketa ondoren, Artaleku kiroldegian dutxak eskuragarri jarriko dituzte (bertan dago kontsigna). Irundik kanpo datozen partaideei doako parkinga eskainiko zaie, Irungo La Sallen, San Juan plazan eta Ficoban. Informazio gehiago,
Bidasoa Atletiko Taldearen webgunean eskuragarri dago.
Lasterketa ondo joan dadin 250 bat boluntario behar ditu laguntzeko Bidasoa Atletismo Taldeak. Horietako asko taldeak berak jarriko ditu, baina horiez aparte gehiago behar dituzte. Boluntario lanak egin nahi dituztenek
porta elektronikoz egin dezakete eskaera.
Korrikalarien feria
Hilaren 24-25eko asteburua korrikalarien festa handia izango da Irunen. Horren erakusle, hilaren 25eko lasterketez gain, 24rako (larunbata) BATek antolatu duen Korrikalarien Feria.
Palmera Monteron egingo dute feria, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00era egongo da zabalik. Bertan jaso beharko dituzte korrikalariek dortsalak eta korrikalariaren poltsa, ordutegi horretan (hilaren 25ean ere badago horretarako aukera, 08:00etatik 09:45era Zabaltza plazan). Gainera, azken orduko izen emateak egin ahalko dira bertan.
BATek ez du ohiko korrikalarien feria egin nahi izan. Bai, produktuen postuak egongo dira (Brooks markarena, Leire Sport, Fullgas, arropa ekologikoena…), baina hitzaldiek eta formazioak tarte berezia izango dute. Hala, egunean zehar, Sylvie Mattonek (running-era bideratutako podologiaz), Anna Saulok (nutrizio aholkuak), Unai Arrietak (running-era bideratutako psikologia), Itziar Pomarrek (pilates eta core) eta Carlos Ayalak (maratoi erdia prestatzeko entrenamendu aholkuak) hitzaldiak emango dituzte.