Turislan azokan, turismoaren sektorean dabiltzan enpresek eskaintzak egingo dituzte, lanpostuak bete edo lan poltsak osatzeko.
Iazko Turislanen, Ficoban enpresen guneak.
Hilaren 26 eta 27an egingo dute Ficoba erakustazokako hirugarren pabiloian
Turislan, Turismoko Enplegu Azoka. Gipuzkoako Foru Aldundiak jada azokaren lehen datuak helarazi ditu: oraingoz, 50 enpresa baino gehiago dira euren lan eskaintzak helaraziko dituztenak. Hala, euren presentzia ziurtatua duten enpresen kopurua hori bada ere, handituko da,
horien izen emate epea hilaren 14an bukatuko delako. Enplegu eskatzaileek ere egun hori dute epemuga euren proposamenak aurkezteko
Curriculum Vitae-ak bidez, baina hilaren 8an hasita (egun horretan argitaratuko dira enpresen lan eskaintzak).
Enpresa batzuek berehala bete beharreko lanpostuak eskainiko dituzte; beste batzuek aukera lan poltsak osatzeko baliatuko dute. Hortaz, turismoaren sektorean lanean hasteko aukera ona izan daiteke azoka.
Izena eman dutenen artean askotariko enpresak daude. Adibidez ostatu establezimenduak, elkarteak, enpresa laguntzaileenak, gida eta azafatenak, harrera enpresenak, bidai agentzienak, aholkularitza turistiko enpresenak edo prestakuntza zentroenak daude.
Azoka bitartean enpresa bakoitzak espazio bereizia izango du, hautagaiei elkarrizketak giro lasaian egiteko. Hilaren 26an 09:30etik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era egongo da zabalik Turislan; hilaren 27an, berriz, 09:30etik 14:00etara. Aldundiak esan duenez, Aste Santuan izan ohi diren kontratazioen atariko izango da azoka.
Eskaintzen, eta elkarrizketen atalaz gain, hainbat hitzaldi izango dira azoka bitartean, turismoan langileen formazioa eta turismo norako arduratsuak ardatz izango dituztela.
Iazko Turislanen 215 lan eskaintza egin ziren, eta 120 kontratu itxi.