Txingudiko badiaren ondare naturala eta Irun, Hondarribia eta Hendaiako gazteen sorkuntza artistikoa balioan jartzeko asmoz, grafiti lehiaketa berezia antolatu du Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak
![](http://bidasoa.hitza.eus/site/files/2018/02/Isabel-Mancebo-BaldaGrafiti-TXINGUDI.jpg)
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa.
Irun, Hondarribia eta Hendaia. Udalerri bakoitzak berezko ezaugarriak izan arren, ondare natural berbera dute komunean: Txingudiko badia. Hiru herriek elkarbanatzen duten eremu berezi hori Bidasoa-Txingudi Mugaz-gaindiko Partzuergoaren azken egitasmoaren protagonista izango da. Grafitiekin irudikatuko dute.
Partzuergoaren mugaz gaindiko programen teknikari Pilar Fuertesen hitzetan, «Bidasoa ibaia herritarren ondare garrantzitsua da, eta ingurune hori balioan jarri nahi izan dugu azken urteotan». Horretarako, sorkuntza artistikoa baliatu dute, eta etxeko txiki eta helduei bideratutako arte lehiaketa eta topaketa ugari burutu dituzte azken urtean.
Orain, Txingudiko badia gai nagusia izanik, Bidasoko gazteen sorkuntza artistikoari hegalak emango dizkiote, grafiti lehiaketa berezi baten bitartez. Egunsentia edo ilunabarra Txingudi badian jarri diote izenburu gazteei bideratutako lehiaketari.
Hiru udalerrietako 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehia izango da. Egitasmoaren izenak dioen bezala, goiz eta gaueko tarte zehatz horiek islatu beharko dituzte margolariek. Horrela, partaide bakoitzak bozeto bana aurkeztu beharko du, badiako egunsentia edo ilunabarra irudikatuz. Antolatzaileek zehaztu dutenez, norberak erabaki beharko du zein zentzu eman bozetoari, eta nahi adina material erabiltzeko aukera izango da. «Gazte bakoitzak badia ikusten duen modu horretara islatzea nahi dugu», zehaztu du Fuertesek.
Baldintzak
Badia irudikatzen duen bozeto horrek tamaina konkretu bat izan beharko du. Partaideek 24 zentimetro luze eta 32 zentimetro zabaleko bozeto bana aurkeztu beharko dute. Bozeto ikusgarriena marrazten duen gazteak 200 euroko saria jasoko du, eta Bidasoko Interpretazio Zentroko pertsianan bere bozetoa spraien bidez irudikatzeko aukera izango du.
Bozeto guztiak, dagoeneko Bidasoko Interpretazio Zentroan (Iparralde etorbidea, 63), asteartetik ostiraletara (10:00etatik 14:00etara) edo Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren egoitzan (Kostorbe eraikina) entrega daitezke. Aurkezteko azken eguna martxoaren 28a izango da. «Grafitia oso erakargarria da gazteentzat, edozein lekutan ikus daitezkeen arte lanak dira, arte sorkuntza modu orokortuena da», nabarmendu du teknikariak.
Azken hamarkadetan, hip-hop kulturatik sortutako grafiti mugimenduak jarraitzaile asko batu ditu mundu osoan zehar. Ohikoa da edozein herri edo hiriko paretak margolanekin ikustea. Egoera horrek bizilagun batzuen kezkak sorrarazi ditu, eta kasu askotan, Bidasoan bezala, udalek grafitia beste eremu batzuetara eraman nahi izan dute. «Kaleko espazio horretan ematen den sorkuntza beste eremu batzuetara eraman nahi dugu», gehitu du Fuertesek.
Martxoaren 28tik aurrera, Partzuergoa osatzen duten hiru udalerrietako ordezkarien epaimahaiak lan guztiak baloratuko ditu, eta onena izendatuko dute. Irabazlearen berri ematen den egunetik, hilabete osoa izango du Bidasoko Interpretazio Zentroko pertsianan bere bozetoa lau metro zabalera eta hiru metro altuerako paretan islatzeko. Ordutik, urtebetez, bertatik pasatzen den herritar orok Txingudiko badia beste modu batera ikusteko aukera izango du.