Gaur eta bihar egingo dute IV. topaketaren bigarrengo partea, Irunen. Hiru mahai inguru izango dira, Euskal Herriko eta kanpoko kasuez
Enekoitz Esnaola / Berria
Foro Sozial Iraunkorrak bultzada bat eman nahi dio euskal presoen eta iheslarien «gizarteratzeari», gaur eta bihar, Irungo Ficoban, IV. Foro Sozialaren bigarren partea eginda.
Arrazoi politikoengatik preso edo ihesean dauden pertsonen gizarteratzea erraztea du lelo topaketak. Ficoba erakustazokan izango da topaketa.
Gaur arratsaldez eta bihar goizez egingo dituzte saioak.
Gaur, gaitzat «presoen eta iheslarien erabateko gizarteratzea» hartuta, 16:30ean zabalduko dute foroa, eta, berehala, Michael Culbert Coiste Ipar Irlandako preso ohien elkarteko kideak hitzaldia emango du. 18:00etan mahai inguru bat izango da: Gabi Mouesca (Bagoaz), Karlos Ioldi (Harrera), Irantzu Mendia (ikerlaria) eta Olatz Dañobeitia (preso ohia) ariko dira hizlari. Bihar, 10:00etan hasiko dira. Gaia: euskal kasuaren egungo erradiografia eta beste herrialdeetako esperientziak. Mahai inguru batekin ekingo diote jardunaldiari: Jon Irazola (EIPK iheslarien taldea), Maritxu Paulus Basurko (abokatua) eta Culbert. 11:15ean, Nazario Oleaga eta Teresa Toda Foro Sozialeko kideek hitz egingo dute. 11:30ean, azken mahai ingurua: Antton Etxebeste (deportatu ohia), Miguel Castells (abokatua) eta Bixen Mujika (senidea).
I. Foro Soziala 2013ko martxoaren 14an eta 15ean egin zuten, Iruñean eta Bilbon, «bake prozesua indartzeko». Hamabi gomendio plazaratu zituzten ondoren, eta, presoen alorrean, EPPK-k bere egin zituen urte bereko abenduan. II. Foro Soziala 2014ko ekainaren 20an eta 21ean izan zen, Iruñean eta Bilbon, eta, batez ere, gizartearen parte hartzeaz eta presoez jardun zuten. III. topaketa 2016ko urtarrilaren 30ean izan zen, Gernika-Lumon (Bizkaia), gai nagusitzat ETAren armagabetzea hartuta. Eta IV.aren lehen partea iazko martxoaren 10ean, Donostian, euskal presoez eta iheslariez. Gaurtik, bigarren partea.