Luis Mariano inguruko bizilagunena eta Erdialdeko Auzo Elkartearena da eskaera. Euren atarietara, egoera berezietan, autoekin hurbildu nahi lukete.
Luis Mariano ingurua.
Erdialdeko Auzo Elkarteko kideek, Jose Ramon Agirretxe eta Joaquin Gamon kaleetako bizilagunen komunitateekin batera, alkateari eskatu diote Luis Marianoko bidera sartu ahal izateko txartelak ematea. Horren helburua litzateke, irundarren talde horrek esan duenez, “soilik” autoekin euren atarien ondora iritsi ahal izatea deskarga lanak egiteko, edo mugikortasun arazoak dauzkatenei erraztasunak emateko. Aldi berean, “desplazamendu luzeak egitea ekiditeko alternatiba” bezala ere erabiltzeko asmo lukete.
Jose Antonio Santano alkatearekin egindako batzarrean zuzenean egin zizkioten eskaera horiek. Irundarrren ustez, “neurriz kanpokoa” iruditzen zaie zonalde horretara sar daitezkeen ibilgailuak dendei edo ostalaritza guneei zerbitzua ematen dietenak bakarrik izatea, “lur eremua pribatua zen, eta udalari eman zitzaion bidea eta lorategia egiteko. Eta orain jabe horiei ez digute uzten Luis Marianoko bidea erabiltzen”.
Erdialdeko Auzo Elkarteko kideek adierazi dutenez, elkartearen sorreraren arrazoia izan zen erdialdea “degradatzen” ari zela euren ustez. “Eta egun iritzi berbera dugu. Gainera, azaltzen dugun arazo hau alkateak sortutakoa da. Bere hirigintza inposizioekin Juan Arana eta Cipriano Larrañaga kaleak bizitza komertzialik gabe utzi ditu. Gainera, trafikoan kaosa eragin dute neurri horiek, eta hiritarren segurtasun eza handitzen ari da. Bizilagunen eta gure elkartearen iritzia ez du kontuan hartu, eta hori botere gehiegikeria da”.