Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak batzarrera deitu ditu ostiralerako 18 urtetik gorako irundar eta hondarribiar gazteak. Eremuak irabazi nahi dituzte.
Gazte eta nerabeen euskararen erabileran eragin nahi du bereziki Betti Gottik.
Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak indarberritu nahi du, aurrera begira dituen erronkei eusteko. Erronka horietatik nabarmenena da euskararen erabileran eragitea eta
bettigottiar gehiago biltzea elkartearen dinamikan parte hartzeko, herritarrak “begira geratu beharrean, ekin eta erabaki dezaten”. Bide horretan, bilera irekia egingo du Betti Gottik hilaren 26an (ostiral honetan) 18:30ean, Palmera Montero gunean. Indarrak bildu nahi dituzte. Eta hori egiteko dei berezia egin diete 18 urtetik gorako irundar eta hondarribiarrei batzarrera ager daitezen.
Aski ezagunak dira elkarteak aurrera daramatzan egitasmoak euskara zabal dadin: 8-11 eta 12-15 adin tartekoentzako Zuhatzako udalekuak, 16-17koentzat Vall D’araneko udalekuak, begirale izateko formazio saioak, topaketak, irteerak, Olentzeroren etorrera Irunen, Euskararen Eguneko jarduerak, edo San Martzial jaietako ekitaldirik jendetsuenetakoa den Herri Bazkaria; 1.500 lagun bildu ohi dira bertan. Baina kezka agertu du elkarteak Irunen eta Hondarribian euskararen erabilerak dituen datuekin.
“Datu apalak” direla uste du Betti Gottik; izan ere, Irungo erabilera %7an dago, eta Hondarribikoa %24an, “eta gazteen artean egoera bereziki kezkagarria da”. Hala, eta euskara “bidegurutze historikoan” dagoela iritzita, egoera iraultzeko unea dela nabarmendu dute elkarteko kideek, horregatik, besteak beste, ostiraleko bilera irekirako deialdia: “Euskarak bere tokia berreskura dezan, baldintza berriak ezarri eta gazteen arnas berria ezinbestekoa da”. Izan ere, gazteengan eragin nahi du bereziki elkarteak, horien arteko harremanak euskaraz izan daitezen.
Hortaz, elkartea ezagutarazi eta motibazio berriak bildu nahi ditu Betti Gottik: “Gaudenak ederki ari gara lanean, baina indarrak bilduz gero, elkartea oraindik handiagoa izango da, eta euskara harekin haziko da”.