Gogora Institutuaren Memoria Plaza egitasmoa Irunera iristear da. Astebetez, Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatutakoaren testigantzak jasoko dituzte.
Urdanibia plazan egingo dute erakusketa, hilaren 22tik 28ra bitarte.
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Memoria Plaza egitasmoa Irunera iristear da. Irungo Udalak eta Institutuak jakinarazi berri duten bezala, hilaren 22tik 28ra bitarte Urdanibia plazan erakusketa egingo dute. Egitasmoak, Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatukoaren testigantzak jasotzeko helburua du, memoria plural eta elkarbanatu bat sortzeko asmoz.
Hilaren 22an inauguratuko dute erakusketa, 18:00etan. Handik bi egunetara, hilaren 24an zehazki, mahainguru berezia antolatu dute. Bertan, terrorismoaren eta indarkeria jasan duten pertsonen testigantzak jasoko dituzte. Horretarako, GALek eraildako Juan Carlos Garcia Goenaren alaba (Maider Garcia), indarkeria polizialaren biktima izandako Alberto Soliñoren alargun Maria Isabel Gonzalez, ETAk eraildako Julio Martinezen alaba (Maria Angeles Martinez) eta ETAren bonba batek zauritutako Alberto Muñagorriren partaidetza izango da.
Urdanibian egingo duten erakusketa horretan, eremu ezberdinak ipiniko dituzte: testigantzak jasotzeko grabazio eremua, testigantzen bideoak ikusteko eremua, eztabaidatzeko eremua eta mezuak idazteko murala.
Memoria Plaza egitasmoa 2016ean martxan jarri zutenetik, 30.100 pertsonek hartu dute parte. Guzti horietatik 4.100 ikasleak izan dira.