2018 urtea behar bezala hasteko, Irungo Lakaxita Gaztetxeak otsaila bitarte kontzertuak, hitzaldiak eta solasaldiak antolatu ditu.
Lakaxitak jarduerez bete du urtarrileko egitaraua.
2018 urtea ondo hasteko, Irungo Lakaxita Gaztetxeak hilabete osorako hamaika ekitaldi antolatu ditu. Horietatik nabarmena datorren larunbatean (hilak 20) egingo duten Bertso Truk desafioa izango da. Hala ere, astean zehar zein asteburuetan, irundarrek badute zer egin Lakaxitan.
Bertso Truk desafioa Txingudi eta Gernikako bertso eskolen arteko lehia izango da (14:00etan). Bertsoekin gutxi balitz, bazkari formatuan egingo dute solasaldia. Bidasotik Igauri Lopetegi, Irati Alcantarilla eta Manu Goiogana arituko dira; Gernikatik, berriz, Koldo Gezuraga, Aitor Zarraga eta Asier Galarza. Bazkarirako sarrerak 15 euroko prezioa izango du, eta gaztetxean bertan eskuratu ahal izango da.
Bestalde, datozen bi asteburuetarako, zenbait musika saio antolatu dituzte. Larunbatean, Oscar Benas, Instr Combo, Red Baleine, DJ Leku eta DJ zumitrenko igoko dira gaztetxeko oholtza gainera. Bertaratzeko bost euroko sarrera ordaindu beharko dute interesdunek. Hilaren 27an, Liot ETa Fumut taldeek saio bana eskainiko dute. Horrez gain, datorren ostiralerako (hilak 19), Bulbahizpak ekimenaren aurkezpena egingo dute, 16:00etan.
Ekitaldi horiez gain, ekimen iraunkorrak egingo dituzte hilabete guztian zehar. Horrela, astelehenetan (18:00-19:00), Bare Alaia kooperatibaren produktuen banaketa, ostegunetan (9:30-15:30) atzerriko aholkularitza tailerra, ostiraletan (16:30-19:30) eta larunbatetan (10:30-13:30) Laboreren produktu ekologikoen salmenta eta larunbatetan (12:00-13:30) Aldatsaren baratze kooperatibaren produktuen banaketa egingo dute. Bestalde, bi ostiraletik behin, (18:00etan) ohiko koordinazio bilerak, bi astelehenetik behin Stop Kaleratzeak plataformaren bilerak (10:30) eta larunbatetan (11:00etan) euskarazko klaseak antolatu dituzte.