Halterofilia egiten duten gutxi batzuk geratzen dira Euskal Herrian. Inguruko azken altxatzaileak Irungo Argitrans taldean aritzen dira. Garai bateko egoerara bueltatzeko gogor ari dira lanean.
Geroz eta kirolari gehiagok entrenatzen dute Irungo Argitrans Halterofilia Taldean. Ilusio handiarekin ari dira lanean, egun, Santiagotarrak-en egoitzan.
Hamarka kilotako pisuak lurretik zerura igotzeko joera kirol egin zenetik milaka jarraitzaile batu ditu mundu osoan zehar, baita Euskal Herrian ere.
Halterofiliaren urrezko garaia orain hogeita hamar urte inguru jar daiteke. Euskal Herrian dozenaka talde aurki zitezkeen, lehen mailako altxatzaile mordoarekin. Egungo egoera zeharo ezberdina da; talde oso gutxi geratzen dira. Gipuzkoa osoan hiru klub daude, Oarso Bidasoan horietako bat, Irungo Argitrans taldea hain zuzen ere. Orain, Santiagotarrak elkartearen gimnasioan aritu arren, Irungo Uranzu pilotalekuan egoitza duen hiriko eta gertuko zenbait kirolarik osatzen dute kluba: inguruko azken altxatzaileak dira.
1980ko hamarkadan, Gipuzkoan lehen mailako halterofiliako kirolari asko zegoela onartu du taldeko lehendakariorde Jose Antonio Etxebeste irundarrak, eta egungo markak ordukoetatik oso urrun daudela. Garai hartan, Irunen soilik, hiru halterofilia talde zeuden. Errenterian, Lasarten, Donostian… Inguruko herri askok gutxienez halterofilia talde bana zuten, baina desagertu egin dira gehienak.
Etxebestek uste du, garai bateko egoerarekin alderatuta, oso atzean geratu dela kirol honekiko zaletasuna, hortaz, egunerokotasunean kirola praktikatzen duten pertsonen kopurua. «Egun, halterofiliaren egoera oso kaskarra da. Lehen, kirolari mordoak entrenatzen zuen hemen Irunen. Gipuzkoan, adibidez, izugarrizko maila zegoen», zehaztu du. Bere aburuz, orain hogeita bost urte inguru, Euskadiko Txapelketara sailkatzeko kirolariek lortu beharreko gutxieneko emaitzek, egun, lehen postuak eskuratzeko aukera ematen dute. Egoera hori gaurko mailaren isla da irundarrarentzat. Etxebeste: «Orain pisua altxatzen hasi direnak harrituta geratzen dira garai batean altxatzen genuena kontatzen diegunean».
Askorentzat pisu zehatz bat altxatzea besterik ez den arren, egunerokotasunean praktikatzen dutenek argi dute: kirol zail eta oso gogorra da. Lehen mailako lehiaketetan parte hartu ahal izateko, kirolariek, gutxienez, hiru egunez entrenatu behar izaten dute astean (batzuk astean bostetan ere joaten dira gimnasiora). Etxebestek urte mordoa eman du ehun kilotik gorako barrak altxatzen, baina etenik gabeko entrenamendua eskatzen du kirol honek. «Esker txarreko kirola da, oso sakrifikatua. Asko entrenatu arren, askotan ez da emaitzarik ikusten».
Bestelako kirolekin alderatu du halterofilia altxatzaile ohiak. Urte luzez altxatzen aritutako kirolari batentzat, txirrindularitzarekin alderatuta, esaterako, halterofilia kirol gogorragoa dela zehaztu du irundarrak.
Entrenamendu oso gogorrak egiten dituzte astelehen, asteazken eta ostiraletan.
Entrenamenduez gain, Irungo taldeko kirolariek Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko lehiaketetan parte hartzeko tartea ere ateratzen dute. Guztiek, bi modalitate ezberdinetan egin behar diote aurre pisu handiko barrari: abiada bakarrean edota bi alditan. Lehen modalitatean behetik gora zuzenean igo behar dute barra kirolariek, eta bigarrenean, berriz, bi txandatan: lehenik bular ingurura igo behar dute, eta ondoren burutik gora altxatu.
Normalizazio bidean
Kirolaren egoera onena ez izan arren, azken aldian halterofilia probatzera jende ugari gerturatu dela onartu dute taldetik, eta hortaz, egoerari buelta ematen hasi direla. Eta egoera berri horri azken urteetan sekulako arrakasta izaten ari den crossfit modalitateak laguntza handia eman diola argitu du Etxebestek: «Crossfita halterofilian murgiltzeko ate bat izan da jende askorentzat». Modan dagoen modalitate horretan erabiltzen diren pauso eta entrenamendu asko halterofilian dutela jatorri azaldu du. Horrela, azken hiru urteetan gazte ugari gerturatzen hasi da Irunera. Crossfita entrenatzen dutenez gain, irakasle ugari ere gerturatu dira klubera, euren teknika perfekzionatzeko.
Egun, Argitransek, hamalau kirolari inguru ditu, hamaika urtetik hasi, eta berrogeita hamazazpiraino. Adin guztietako altxatzaileek entrenatzen dute Irunen. Adinaren eta altxatzen duten pisuaren araberako kategoria ugari existitzen dira, eta kirol taldeko kideak zehaztu duenez, kategoria gehienetan lehiatzen diren kirolariak dituzte. Garai batean bezala, Uranzuko gimnasioan zahar eta gazteak elkartzen dira [egun, pilotalekuan egiten ari diren obrengatik Santiagotarrak taldearen gimnasioan entrenatzen dira] astelehen, asteazken eta ostiraletan, ordu eta erdiz gogor aritzeko.
Taldeko kide gehienak Irungoak dira, baina badituzte gertuko herrietako zenbait halterofilia zale ere. Eta guztietatik, soilik hiru dira emakume: horietatik bi donostiarrak dira, eta bestea, irundarra da, eta beste asko bezala, crossfitaren mundutik igarotakoa aurretik.
Gazteez gain, hiru master (beteranoak) daude klubean. Horietatik, 57 urteko Sebastian Ramirez da emaitza onenak lortu dituen kirolaria. Iaz, esaterako, Espainiako Masterrean lehen postua eskuratu zuen, eta 11tan munduko txapeldun geratu da.
Adin guztietako kirolariak daude klubean. Argazkian, helduena (57) eta gazteena (11).
Baina, ez da Irunen aurki daitekeen kirolari trebe bakarra. Jose Antonio Etxebestek, taldeko Jose Ramon Aragonekin batera, bi txandetan altxatzeko modalitatean, taldeko errekorra dute: 150 kilo. Ez da gutxi.
Argitrans taldea gazteak erakartzen hasi da. Egoera horrek etorkizunari baikor begiratzeko aukera eman die taldeko kideei, baita lehendakariordeari ere: «Bost urte atzera eginez gero, etorkizuna oso iluna ikusten nuen, baina orain, taldeak ibilbide oparoa izan dezakeela uste dut».
Urrezko garaira bueltatu nahi dute Irungo altxatzaileek, eta garai batean bezala, talde onenen artean egon nahi dute, berriz ere, halterofiliak kirolaren eremu zabalean tokia izan dezan lortu. Kirol modalitate berrien osagarri izatea, hor gakoa.
Uranzuko obren harira, lokalez aldatu behar izan dute.
Irundik saltoka, gimnasio batetik bestera, pisuak gainean
Taldea sortu zenetik, ez dute gimnasio finkorik izan.Uranzu pilotalekuko obrak direla eta, Santiagotarrak taldearen gimnasio batean entrenatzen ari dira egun
Irungo Argistrans taldeak egoitza finko bat izateko arazo ugari izan ditu azken hiru hamarkadetan. Taldea 1992 urtean sortu zuten —aurretik, bere kabuz, kide asko ibiltzen ziren halterofilian—, eta Espainiako Estatuko hamar talde onenen artean egotera iritsi arren, gimnasio batetik bestera mugitzen aritu dira, jauzika, norabide zehatzik gabe.
Jose Antonio Etxebeste taldeko lehendakariordeak salatu du, Irungo kirolaren «ardi beltza» direla, «beti alde batetik bestera mugitu gaituzte». Hasiera batean, Uranzu pilotalekuko gimnasio batean entrenatzen zuten. Artaleku kiroldegia eraikitzen hasi zirenenean, udalak bertan entrenatzeko lokal bat eraikitzeko konpromisoa hartu zuela azaldu du lehendakariordeak. Eurentzat espresuki gimnasio bat eman ez arren, kiroldegiko areto txiki batean entrenatzen hasi ziren, Artalekuko goiko solairuan. Neguan lau gradura entrenatu behar izaten zutela gogoan du, haserre, irundarrak, egoera tamalgarria zela. Entrenatzeko orduan pisuek ateratako zaratagatik, Uranzura lekualdatu zituzten bueltan.
Ordutik bertan entrenatu izan dute, zehazki, 2017ko urrira arte. Uranzu pilotaleku berria eraikitzeko lehen obrekin hasi berri dira, eta hortaz, Santiagotarrak elkarteko gimnasio batera bideratu dituzte Argitranseko kirolariak. «Obrak amaitzean Uranzun berriro egoitza izango dugula esan digute, baina susmo txarra dut», gehitu du.
Uranzu berriaren behealdean kirola behar bezala praktikatzeko leku aproposa izatea espero dute. Bi urtez gutxienez, Santiago auzuneko gimnasioan entrenatu beharko dute, euren egoera errotik konpondu arte.