Hondarribiak Eibarren kontra hasiko du igoera fasea

Emakumeen Erregionaleko hamar onenek jokatuko dute Euskal Ligarako igoera fasea, horien artean Oarso Bidasoko bi, Hondarribia eta Touring.

Hondarribia FE futbola

Etxean hasiko du Hondarribiak igoera fasea, hirugarren multzoko lehenaren kontra

Hondarribia eta Touring, Bidasoko eta Oarsoaldeko talde bana sailkatu dira Emakumeen Erregional Mailako igoera fasea jokatzeko. Gipuzkoako hamar talde lehiatuko dira etzitik aurrera Euskal Ligara igotzeko txartel bakarragatik borrokan. Ligaxkako lehen multzoan jokatu dute Hondarribiak eta Touringek, Allerrurekin batera, eta, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren bukatu dute lehen fasea. Hori bai, hondarribiarrek liderrari 3-0 irabazi zioten azken partidan eta gogotsu ekingo diote igoera faseari. Talde sortu berria da Hondarribikoa, eta jokalari bat ezik, gainontzeko guztiak gazteak dira adinez; hala ere, oso azkar egokitu dira nagusien mailara. Etxean hasiko dute txapelketa, igandean, 16:00etan. Faborito bat izango dute aurrean, Eibar taldea. Touring ozta-ozta sailkatu da igoera faserako, azken partidan ez zelako gai izan bosgarren zen Oiartzuni irabazteko. Husna geratu ziren, eta emaitza horri esker, hirugarren geratu dira oreretarrak, Allerrurekin berdinduta. Bien arteko average-a alde zutelako, aurrera egin du Errenteriako taldeak. Etxean hasiko du igoera fasea Touringek, larunbatean, 20:00etan, Intxaurdi aurkari dutela. Allerru eta Oiartzun, Kopan Lurraldeko Ligako eskualdeko taldeen artean Lezoko Allerru eta Oiartzunen hirugarren taldea dira igoera fasea jokatzeko sailkatu ez direnak. Kopa jokatuko dute, eta Allerru behintzat faboritoen zakuan sartu behar da, igoera fasera sailkatu ez direnen artean puntu gehien pilatu duen taldea izan delako. Oiartzunek Andoainen jokatuko du larunbatean (19:15), eta Allerruk igandean (15:00) Axularren zelaian.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.