Ganbera musika kontzertua egingo dituzte Amaia KZn urtarriletik maiatzerako bost igandetan. Ricardo Requejo arduratu da programazioaz.
Gaur aurkeztu dute ziklo berria.
Neguko eta udaberriko Irungo kultur programazioan berritasun bat dago: bost igandetan ganbera musika kontzertuak emango dituzte Amaia Kultur Zentroan. Horien programazioa Irungo Udaleko Kultura arloaren eta berriki hiriko Urrezko Intsignia jaso duen Ricardo Requejoren artean landu dute, “Requejo buru duen egitasmo honetan ilusio berezia dugu”, esan du Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak. Hilaren 21ean da lehen emanaldia.
Lehen egitasmo honetarako bost emanaldi antolatu dituzte. Saio bakoitzeko musikariek ezaugarri nagusi bat dute: den-denek Irungo kontserbatorioan ikasketak egin dituzte. Hala, behin hirian hasierako musika eta instrumentu ikasketak eginda, nazioartean bidea egin duten artista, Irungoak eta Hondarribikoak, hirian ikusteko aukera izanen da.
Bost kontzertu horiek Amaian izango dira, urtarriletik hasita hilabetero bat, eta beti igandetan. Horien prezioa 4,30 eurokoa izango da. Honakoak dira musika saioak:
- Hilaren 21ean, Kamerata Oiassoren kontzertua Iker Sanchez Silvaren zuzendaritzapean. Klarinetean Carlos Noain izango da bakarlari.
- Otsailaren 18an, Oier Etxaburu Mateoren piano kontzertua.
- Martxoaren 11n, soka laukotea: Enekoitz Martinez, Jonathan Mesonero, Ricardo Cuende eta Ana Egizabal.
- Apirilaren 15ean, piano bikotea: David eta Carlos Apellaniz.
- Maiatzaren 13an, haize instrumentuen boskotea: Javier Arruabarrena, Lorea Gurrutxaga. Eneko Iriarte, Nagore Larrion eta Ane Ruiz.