Azken bi hamarkadetan "bueltaka" ibili den gaia izan dela salatu dute, PSEk eta EAJk egindako kudeaketa "tamalgarria eta lotsagarria" izan dela.
Irungo EH Bilduk aurkeztutako proiektuaren irudia.
Plaiaundiko kirol pisten leku aldaketaren inguruko eztabaidak jarraitzen du. Irungo EH Bilduk, Zubietako aukera baztertzearen erabakiaren harira, zenbait kontu argitu nahi izan ditu gaur.
Lehenik eta behin, azken bi hamarkadetan “bueltaka” ibili den gaia dela salatu dute, eta PSE-EEk eta EAJk egindako kudeaketa “tamalgarria eta lotsagarria” izan dela. Leku aldaketari irtenbide bat emateko gai ez direla izan esan dute, eta hortaz, hiriko alderdi politiko, kirol klub eta oro har herritarrei “iruzur” egin dietela, bideragarriak ez diren beste kokapen batzuk mahai gainean jarri dituztelako.
2017ko abenduan Hirigintzako udal ordezkari Xabier Iridoyk Zubietako aukera erabat baztertu zutela jakinarazi zuen, EH Bilduren ustez “azalpen garbirik eman gabe”. Erabaki hau, koalizioarentzat, “muga guztiak gainditu dituen udal gobernuaren okurrentzia” izan da, eta informazio hori oposizioko taldeei “ezkutatu” zaiela salatu dute. “Ulertezina” da EH Bildurentzat teknikariek informazio hori ez helarazi izana. Gainera, Iridoyk epe motzean informazio hori emango zuela esan dute, eta gaur arte, ez dutela erantzunik jaso. Horregatik, EH Bildutik, bideragarria ez zen aukera hori “mugaraino luzatu nahi izan” dutela esan dute.
Bestalde, Gabonen bueltan, bideragarriak ziren aukera guztiekin eztabaida bati ekingo ziotela komunikatu zitzaien alderdi politikoei, tartean, EH Bilduren proposamena: pistak San Miguel Anakara eramatea. Gainera, udal gobernuak beste aukera bat aurkeztu berri dutela esan dute: Zubieta-Urdanibia ingurukoa. Handik egun gutxitara, EH Bilduko bozeramaileak “zur eta lur” geratu ziren, San Miguel Anakako futbol zelaia lizitaziora atera baitzuen udal gobernuak, alderdiari “ezer esan gabe”. Udal gobernuak San Miguel Anakako aukera aztertuko zuela “insistentzia eta lotsarengatik” onartu zuela salatu dute, baina benetako emaitza, zonalde horretan beste planak egitea izan dela.
Horregatik guztiagatik, udal gobernuak “herritarrak bahitu” nahi dituela salatu dute, eta koaliziotik azalpen, barkamen eta jarrera aldaketa bat eskatu dute. Horrez gain, San Miguel Anakako kokapenaren aukera “mugaraino borrokatuko” dutela argitu nahi izan dute, aukera “onena” delakoan. Era berean, prozesu parte hartzaile baten aldeko apustua egingo dute, irundarrek aukerarik egokiena zein den hautatu ahal izateko.