'Los autos locos' marrazki bizidunetan oinarriturik, abiadura txapelketa berezia egingo dute bihar Irungo kaleetan barrena.
Bost auto irudikatu dituzte, ‘Los autos locos’ marrazki bizidunetan oinarriturik.
Gabonetan hiriko merkataritza dinamizatzeko asmoarekin, Irungo Udaleko Hiri Bultzada Arloak egitasmo berezia antolatu du. Joan den asterako programatu arren, eguraldi txarraren ondorioz, bihar arte (hilak 3) atzeratu dute.
Antzezlan ibiltaria egingo dute bihar Irundik, Txanaleta plazatik hasi eta Pio XII. plazaraino bideratuko dira. ‘Los autos locos’ marrazki bizidunetako telesailean oinarritutako ikuskizuna izango da, espresuki hiriko haurrei bideratutakoa. Horrela, abiadura txapelketa umoretsua egingo dute kaleetan barrena, diseinu ikusgarria duten bost autorekin. Ikuskizuna 18:30tatik 20:00etara izango da.
Bestalde, ostegunerako (hilak 4), kalejira berezia ere antolatu dute. Bost metroko sei pertsonai berezik Irungo kaleetan barrena desfilatuko dute, 19:00etatik aurrera, Fermin Calbeton ingurutik hasita.