Igor Obeso beiragileak 2014tik Irungo Argia Badago tailerrean egiten du lan. Euskal Herriko azken beiragilea da, eta garai bateko teknika berbera erabiltzen du lan guztiak sortzeko.
Igor Obesok Irungo Argia Badago tailerrean egiten du lan.
Beiragintzaren lanbidea neketsua bezain zaila da. Egun, milaka eta milaka urte dituen ofizioa jorratzen duten gutxi aurki daitezke; are gutxiago beira puztua teknika erabiltzen dutenak. Espainiako Estatuan teknika hori erabiltzen dutenak hamar bat dira, Euskal Herrian bakarra aurki daiteke: Igor Obeso, azken euskal beiragilea. Hondarribiarrak hogei urte bete ditu aurten beira puska txiki batetik forma eta kolore ikusgarrietako obrak sortzen.
Obesori, Euskal Herriko azken beiragilea izateak «pena» ematen dio. Beiraren gaineko merkatua egotea gustatuko litzaioke, eta hortaz, beiragile kopurua handiagoa izatea: «Bakarra izatea abantaila dela esaten da askotan, baina niretzat hori ez da ona, zenbat eta beiragile gehiago egon, orduan eta gauza gehiago sortuko dira».
Obesok aspaldi sartu zuen lehendabizikoz kanabera labe batean. Beira lantzen hasi aurretik, burdinarekin egiten zuen lan hondarribiarrak. Zuen lana oso gustuko ez zuela onartu du, eta berehala, etxean bertan, «txapuzilak» egitera animatu zela. Beirarekin lehen kontaktua Ainhoara (Lapurdi) egindako ibilaldi batean ezagutu zuen beiragile batekin izan zuen. Gizon haren lana «izugarri» gustatu zitzaion etorkizuneko beiragileari, eta ordutik maisuarekin ikasle bezala aritu zen, garai batean egiten zen bezala. Bi-hiru urtez lanbidea ikasi ondoren, bakarkako ibilbideari ekin zion.
Lehen tailerra Hondarribiko faro inguruan ireki zuen, orain bi hamarkada zehazki. Handik herriko beste lokal batera joan ondoren, Irunen tailer txiki bat izan zuen urtebetez. Irundik pasatu ostean, Iruran (Tolosa) bederatzi urte igaro zituen beiragile gisa eta 2014tik Irungo Gabiria kaleko Argia Badago tailerrean egiten ditu bere obrak. Egun, lagun eta lankide Izotz Mendibururekin egiten du lan beiragileak.
Garai bateko teknika
Beiragintzaren lanbideak ia 6.000 urte dituela zehaztu du artisauak, eta beira puztuaren artea, berriz, orain dela 2.000 urte inguru lantzen hasi zela. Egungo teknologiari amenik egin gabe, antzinako teknika berberak erabiltzen ditu, garai bateko prozedura berberarekin. Beira lantzeko aldatu duen gauza bakarra erregaiak eta labe mota direla argitu du, baina teknika «berdin-berdina» erabiltzen jarraitzen du.
Nola lortzen ote du beira zati gogor txiki batetik pieza ikusgarri, dibertigarri eta koloretsuak sortzea?
Beiraz egindako lan bat burutzeko, prozesu guztia hiru zatitan banatu behar dela adierazi du sortzaileak: «Galdaketarekin hasi, manufakturazioa egin eta beiraren suberaketarekin amaitzen da».
Lehenik eta behin, burdinazko kanabera batean dagoen beira zati hori urtu egin behar da. Horretarako, arragoa baten barruan beira urtzen du beiragileak (1.100 gradu inguru egiten ditu bertan). Orduan, beira «ezti beroa bezala» geratzen dela dio, forma emateko prest ateratzen da labetik. Gero, bigarren atalean, materiala lantzen da, kanaberarekin beira hartu eta forma eman behar zaio. Kanaberaz gain, bestelako erremintak ere erabiltzen ditu Irungo tailerrean. Pieza zuzentzeko metalezko mahai bat, edota itxura biribila emateko loreontzi moduko bat ere erabiltzen du. Gainera, labeaz gain, momentu zehatz batzuetan piezari bero apur bat gehiago emateko soplete moduko batez baliatzen da Obeso. Azkenik, hirugarren atalean, pieza hori bukatu duenean, beste labe batean sartzen du, hozten joan dadin.
Berotu ondoren, pieza handitzeko, putz egin behar da.
Prozedura berbera baina teknika ezberdinak erabiliz, ehunka lan egin ditu azken hogei urteotan: milaka apaingarri, lanpara, garaikur, hilarri, trofeo, bestelako arte lanak… Denetarik egiten du Argia Badago tailerrean, bezeroek eskatzen dioten edozein piezari egiten baitio aurre beiragileak.
Lan gehienak enkargu bidez egiten dituela zehaztu du, baina pieza batzuk salgai badituela. Pieza bakoitza sortzeko lanean igaro beharreko denbora oso ezberdina da. Pieza txiki baterako hamar minutu besterik ez ditu behar hondarribiarrak, baina, aldiz, tamaina handiko lanpara batentzat egun mordoa inbertitu behar ditu.
Eta, formekin gutxi ez balitz, ehunka kolore sortzeko aukera ematen du beiragintzak. Oxido mineralaren bitartez, beroaren eraginez eta beiraren kontaktua baliatuz, kolorazio prozesu bat sortzen da. Zati zuri batetik, ehunka kolore ateratzen dira, magia truko baten modura. Kolore zehatz bat aukeratzeko, mineral mota konkretu bat erabili behar dela azaldu du.
Beira «oso krudela» dela onartu du Obesok, lanerako kontzentrazio handia beharrezkoa baita, eta aldez aurretik denak prest egon behar du. Beira zatia labean sartzen den unetik hozteko labean sartu arte denak ondo joan behar du, beirak ez du inongo akatsik onartzen.
Dantza bat
Beira lantzea, Euskal Herriko azken beiragilearentzat, dantza egitearekin harremana du: «Dantza koreografia baten modura, denbora jarraitu behar da eta dantzaren zati guztiak errespetatu, piezak, dantzak bezala, zentzu bat izan dezan». Eta dantza hori egitea zaila balitz, labeak ateratako beroa ez da prozesua erosoa izan dadin lagungarri, ezta gutxiago ere.
Milaka lan sortzeaz gain, bestelako erremintak sortzeko tartea ere izan du azken urteotan artisauak. Zehazki, beiragintzarako espresuki labe elektrikoa asmatu zuen orain urte gutxi batzuk. «Beharragatik» sortu zuen, Irurako tailerrean gas labe bat jartzeko aukerarik ez zuelako, oso garestiak baitira. Kanadako gizon batek antzeko labe bat zuela ikusi zuen beiragileak, eta horretatik prototipo moduko bat sortu zuen. Egun, «oso ondo» funtzionatzen duela nabarmendu du, eta azken aldian, Frantzian batez ere, labe mordoa saldu dituela. «Labe elektrikoen inguruko merkatu txiki bat sortzen ari gara», esan du, harro.
Beiraz sortutako lanak «leku guztietatik» eskatzen dizkiotela onartu du Obesok, bezero finkoak badituela. Dekoratzaileak, arkitektoak, aparejadoreak, jatetxeak… Gremio askotatik jasotzen ditu eskaera deiak.
Urtean behin, Irungo zein gertuko herritarrek aukera izaten dute hondarribiarra lanean ikusteko, beira lantzea den dantza horretaz gozatzeko. Joan den ostiralean (hilaren 15ean), Argia Badago tailerrak ateak zabaldu zituen, ate irekien jardunaldi berezi batean. Haur zein helduek, zuzenean, benetan ikusgarria den prozesu magikoaz gozatu zuten. Zuzenean beira lantzen ikusteaz gain, tailerreko goiko solairuan erakusketa bat ikusteko aukera dago, hamarnaka lanekin.
Obra mordoa ikusgai ditu goiko solairuko erakusketan.
Tailerrean bertan egindakoa kanpora ateratzeko joera du ere beiragileak. Horrela, Euskal Herriko hamaika herritan izan da, zuzeneko ikuskizunak eskainiz, beiraren lanketa eta kultura publiko zabalago batengana hedatzeko asmoz.
Euskal Herriko beiragintzaren egoera ez da gertuko herrialdeetan bezalakoa. Frantzian, esaterako, erdi zein goi mailako ikasketak badirela dio, eta gaztetxo askok beiragintza ikasten dutela, beste edozein lanbide bezalaxe.
Hemendik urte batzuetara izan liteke, Obesok beiragile izan nahi duen gaztetxo baten bisita jasotzea, Irungo Argia Badago tailerrean, hark Ainhoan egin zuen antzera. Bien bitartean, beirarekin dantzan jarraituko du hondarribiarrak.