Jendetza elkartu da goizean Urdanibia plazan.
Gaur San Tomas Eguna ospatzen ari dira Euskal Herri guztian zehar. Irun ez da atzean geratu, eta egun osoko egitarau zabala antolatu dute goiz goizetik. Ehunka eta ehunka irundar zapiak eta txapelak ondo jarrita gogoz gerturatu dira Urdanibia plazara, txistorraz eta sagardoz tripak lepo betetzeko asmoz.
08:30ean, Euskal Kirolak Elkarteak eta udalak antolatutako nekazaritzako produktuen erakusketa hasi dute. Ondoren, txapelketan lehiatu diren postuak ireki dituzte. Gipuzkoako Erlezainen Elkartearen eskutik, ezti dastaketa ere egin dute. 12:00etan, barazki, animali eta ezti lehiaketaren irabazleen berri eman dute. Lehiaketa eta postuekin bat, sei txosna ireki dituzte plazan bertan. Jendetza elkartu da goiz eta eguerdi aldean, eta Urdanibia plaza geroz eta txikiagoa utziko dute arratsalde eta gauean zehar. Gaur, Irunen, San Tomas Egunak ez du etenik. Ziur gaueko ordu txikitara luzatuko dutela festa, Gabonei behar bezalako ongi etorria egiteko.
Honakoa da, arratsalde eta gauean zehar antolatu dituzten ekitaldien ordutegia:
- 17:30ean, Txorimaloak soinu taldearen saioa.
- 18:00etan, Adaxka dantza taldearen emanaldia.
- 18:30ean, Ibarla-Meaka dantza taldearen erakustaldia.
- 19:00etan, Eraiki dantza taldekoen txanda.
- 19:30ean, Udal Musika Eskolako ikasleek doinua jarriko diote Urdanibia plazari.
- 20:00etan, Auntxa Trikitixa Eskolako kideen agerraldia.
- 20:30ean, Meaka Euskal Dantza Taldearen eta Bidasoko trikitilarien ikuskizuna.
- 21:00etan, Meakako Adixkideak Urdanibiako oholtzara igoko dira dantza egitera.
- 21:30ean, Kemeneko kideek azken dantza saioa eskainiko dute.
- 22:00etan, Burrunba elektrotxarangak bidea hasiko du.
Hona, goiz eta eguerdian zehar HITZAk ateratako argazki sorta: