Ekintzailetza molde berriak praktikan jartzeko aukera eskaintzen du programak. Datorren larunbatera (hilak 23) bitarte izena eman daiteke.
Gaur aurkeztu du programa Hiritik At-eko Iker Eizagirrek.
Ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzeko Koop Fabrika programak iaz hasi zuen ibilbidea. Beterri, Oarsoaldea eta Debagoiena eskualdetan bizitutako esperientziak animaturik, aurten, Bidasora ekarri dute. Gaur aurkeztu du programa osoa Hiritik At kooperatibako Iker Eizagirrek.
Olatukoop sarearen barruan sortu zuten Fabrika eraldatzailea. Sareak ekonomia sozial eta eraldatzaile ditu ardatz nagusi bezala, eta Hiritik At kooperatibako kideak esan duenez, “egungo eredu kapitalistaren aurrean ekonomia berrantolatzeko beste eredu bat proposatzeko bokazioa duen sarea da”. Olatukoop sareak eta Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak antolatutako egitasmoa da, Beterri-Buruntzako udalek, Oarsoaldea eta Debagoienako garapen agentziek, eta Bagara eta EHUko Gezki institutuarekin lankidetzan jorratutakoa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kofinantzatuta.
Programak gizarte ekonomiaren ondorengo ezaugarri nagusiak biltzen ditu, besteak beste: gizarte eraldaketarako bokazioa, inter-kooperazioa eta lankidetza, izaera kolektiboa, parte hartzea, eta ekintzarako inpultsoa. Hiru profil ezberdinetako pertsonei bideratutako programa da: proiektu edo ideiaren bat lantzen edo martxan jarri nahian direnak,; orain arte elkarte forman jardunean aritu arren, profesionalizatu edo beste era batera antolatu nahi duten taldeak; edota enpresen barruko barne ekintzailetza proiektuei dimentsio sozialetik ekiteko asmoa dutenak. Programan parte hartzea erabat doakoa da, baina plazak mugatuak daude.
Hiru fase
Hiru fase nagusitan banatuko dute aurtengo Koop Fabrika. Lehen atala, Formazio Fabrika da. Bertan, partaideek formazioa jasoko dute, erremintekin trebatu eta proiektu bat taldean lantzen hasteko. Ondoren, Tutoretza Fabrika deituriko atalean, tutore baten laguntzaz, lehen fasean sortutako proiektuak taldean garatuko dituzte eta azkenik, Saretze Fabrika atalean, iniziatiba ekonomiko kolektiboak martxan jartzeko beharrezkoa den bideragarritasun plana osatuko dute.
Aurtengo Koop Fabrikan parte hartu nahi izanez gero, datorren larunbatera (hilak 23) bitarte apuntatzeko aukera izango da,
Fabrikaren webgunean bertan. Hondarribia eta Irungo herritarren artean izena emateko deia luzatu dute.