Ficobako hiru pabiloi oso hartuko ditu Eguberritako Haur Parkeak. Haurren gozagarri, hilaren 22an zabaldu eta urtarrilaren 4an itxiko dute.
Suhiltzaileen ordezkaria, udaleko eta aldundiko kideak, eta parkearen arduraduna, gaurko agerraldian, jolasean.
Hilaren 22tik urtarrilaren 4ra arte zabalduko dute Ficoban
Eguberrietako Haur Parkea, iaz baino bi egun gehiagotan. Erakustazokako hiru pabiloiak beteko ditu parkeak, proposamen ludiko eta hezigarriekin. 15:00etatik 20:00ak arte egongo da zabalik egun horietan (abenduaren 24 eta 25ean eta 31n, nahiz urtarrilaren 1ean itxita egongo da). Hilaren 18, 19 eta 20an goizez ere egongo da zabalik, baina ikastetxeentzat erreserbatutako goizak dira. Abenduaren 30eko goiza elbarritasunen bat duten haurrena izango da.
Gaur aurkeztu dute parkea. Bertan izan dira Arkaitz Orbegozo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko burua; Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kiroleko zuzendaria; Jose Antonio Santano Ficobako Fundazioko presidentea eta Irungo Alkatea; eta Ane Miren Axpe Ficobako Eguberritako Haur Parkearen zuzendaria. Goiko irudian agertzen direnak dira.
Lehen pabiloian teknologiarekin eta bestelako gozagarriekin. Indartu egin dute teknologiaren atala, eta besteak beste, aldundiaren Gela Mugikorra, robotekin jolasean aritzeko gunea, suhiltzaileen eta suteen guneak, edo lehen sorospenetan trebatzeko gunea egongo dira. Buble Soccer eremua ere bertan izango da. Horrez gain, tailerren zonaldea haurrez beteko da aurten ere.
Bigarren pabiloian, denetik. Atseden gunetik hasi, eta bideo jokoen eremura. Tartean karaokeak, disko festak, ipuin kontalariak, yoga familia zonaldea, opera tailerra edo dantzarako gunea ere egongo da.
Hirugarren pabiloia, berriz, barraka edo karruselena da. Orotariko eskaintza dago.
Ondorengo zerrendan, hainbat datu interesgarri:
- Datak: abenduaren 22tik 4ra zabalik, hilaren 24, 25 eta 31 nahiz urtarrilaren 1a kenduta. Lau egun horietan itxita egongo da.
- Ordutegia: zabalik dagoen egunetan, 15:00etatik 20:00etara.
- Prezioak: 3 urte arteko haurrek, doan dute sarrera beti; abenduaren 22an 5 euro haur eta helduentzat; gainontzeko egunetan haurrek 8 euro eta helduek 7; 10 haurretik gorako taldeetan, haur bakoitzeko prezioa 6 euro (eta haiekin sartu behar den heldua doan).
- Aparkalekua: doan da.