Gabonetako ohiko menu pisutsu horiei alternatiba bat eskaini die aurten Irungo Garazi Lizarraga nutrizionista eta dietistak. Datozen asteetako otorduei begira, zenbait gomendio eta proposamen eman ditu.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa.
Hilaren 21etik [San Tomas egunetik], herritarrek tripak janariz zein edariz betetzen dituzte, ohiko bazkari eta afari oparo horietan. Inork ez luke sekula zalantzan jarriko Gabonetako otorduak ez direla urteko unerik osasuntsuenak, baina gutxik egiten diote so medikuak edota logikak gomendatutakoari. Gehiegizko otordu horiek ordaina izan ohi dute gorputzean. Otarrainxkak, patea, arkumea… Zaila izaten da Gabonetan jaki horiei muzin egitea. Irungo nutrizionista eta dietista Garazi Lizarragak festetan osasuntsu gozatzeko ideiak eman ditu.
Egungo osasun sistema «gaixotasunetik eraikita» dagoela dio dietistak, ez dela prebentzioa begiratzen. Gizartea, orokorrean, «bizitza ez osasuntsu bat eramateko eraikita» dagoela ere adierazi du, eta horren ondorioz, ohiko gaixotasunak maiz agertzen direla.
Kaltegarriak diren elikagai horien kontsumoa datozen hiru asteetako bazkari eta afarietan izugarri igotzen dira, Lizarragaren ustez: «Zaintzen den jendea badagoen arren, orokorrean urteko elikadura eskasa baldin bada, eta barazkien kontsumoa oso mugatua baldin bada, Gabonetan oraindik eta neurriz goragokoa da». Otordu horiek erabateko gehiegikeria direla azaldu du irundarrak, eta ahal den neurrian, horri irtenbide bat eman dakiokeela. «Urte guztian zehar bekatu ditugun gauza guztiak sartzen ditugu Gabonetan», gehitu du. Gainera, herritarren artean zabaltzeko ondorengo gogoeta plazaratu du: «Data horiek hain bereziak baldin badira, zergatik jaten ditugu ez osasuntsuak eta hain txarrak diren jakiak?».
Jaki horiek eragindako bihotzerre eta betekada klasiko horiei erremedio bat jartzeko asmoz, datozen Gabonetarako zenbait gomendio eman ditu dietistak. Urtea osasuntsu bukatzeko aukera badago.
Menu gozo eta osasuntsua
Irundarrak, «bai ala bai», barazki plater bat sartuko luke menu osasuntsu batean, entsalada edo menestra berezi bat osatuz. Besteak beste, denboraldiko azalorea, kardua edota alkatxofak jatea gomendatzen du. Gainera, ohiko gildak ere jan daitezkeela onartu du dietistak, eta pikatzeko erremolatxaz edota ahuakatez egindako patea egitea proposatu du. Bigarren platererako, lehena barazkia izan bada, noski, haragia edo arraia jatea ez du gaizki ikusten. Hala ere, animali jatorrikoa jan beharrean, barazki jatorriko plater berezia egingo luke Lizarragak —lasagna beganoa edota olo albondigak, adibidez—, eta arraina 24rako eta haragia 25erako gordeko lituzke. Bukatzeko, postre gisara, azukre gutxiko turroiak egingo lituzke hark. Eta, trufa klasikoak galdu ezin dituztenentzat, datilez eta fruitu lehorrez egindakoak gomendatuko lituzke.
Janariaz gain, edaria da Gabonetako otorduetako beste osagai nagusia. Lizarragak proposatutako menua janez gero, ardo kopa batzuk har daitezkeela argitu du, baina osasuntsuena, nola ez, urarekin jatea dela. Urtea amaitu ostean, osasuntsu zein gaizki jan duten guztiei, barazki asko jatea gomendatuko lieke, eta horrekin batera lekaleak eta zereal integralak eguneroko dietan sartzea. «Produktu ultraprozesatu eta enbasatuak» saihesteko gomendioa eman du.
Datozen Gabonetan, gogoratu, jan-edanaz goza daitekeela, baina, aldi berean, modu osasuntsuan.