Hondarribiko Udalak 'Gaztetek' programa antolatu du Gabonetarako. Teknologiaren bidez gazte ekintzailetza sustatu nahi dute.
Lego Robot EV3 eta Be youtuber, bi tailer horiek antolatu ditu Hondarribiko Udalak Gabonetarako, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei begira. Gazteen Zerbitzuak adierazi duenez, gazteen ekintzailetza bilatzen dute Gaztetek programaren bidez: “Tailerren helburua honakoa da: gazteengan ekintzailetza sortzailea eta sen ekintzailea piztea teknologia berrien erabileraren bidez. Proiektua gauzatzeko, jarduera anitzak gauzatuko dira, hala nola, programazioa, bideo editatzea, edota elektronika eta robotika”.
Lehen aldia da Gabonetan udalak tailer teknologikoak antolatzen dituena, eta pentsatzekoa da arrakasta ziurtatuta egongo dela. Hortaz, interesatuta bazaude, azkar ibili, plaza mugatuak direlako. Tailer bakoitzean 16 leku daude eta, izen ematea larunbata arte ireki duten arren, baliteke lekuak lehenago betetzea. Gazteen Zerbitzuan eman daiteke izena, astelehenetik ostiralera 16:30etik 19:30era, eta larunbatean 10:00etatik 13:00etara; telefonoz egin nahi izanez gero, 943 64 47 52 zenbakira deitu behar da.
Lego Robot EV3 tailerra
Abenduaren 26tik 30era burutuko da, 09:00etatik 13:00etara Saindua Gaztelekuan. Lantegi honetan gazteek Lego Mindstorm robota erabiliz, ingeniaritzaren munduan barneratuko dira, irtenbideak bilatuko dituzte ahalik eta zurruntasun handiena lortzeko, motorrak eta sentsoreak erabili eta programatuko dituzte. Azken finean, beren robotak programatzen ikasiko dute.
Be youtuber tailerra
Urtarrilaren 2tik 5era burutuko da, 09:00etatik 13:00etara Saindua Gaztelekuan. Tailer honen bidez gazteak YouTubeko eduki sortzaile bihurtzea bilatu nahi da. Bideo bat grabatzerakoan argiztatzeak eta argazkigintzak duten garrantzia azpimarratuko da, audioaren grabazioa unean bertan egiten irakatsiko da, bideoak editatzen ikasiko dute.

Norberak bere robota osatzen eta programatzen ikasiko du Lego Robot EV3 tailerrean