«Erbestean dauden iheslarien egoera gogorra da»
Euskal iheslarien bizitza bere kameratik islatu du ‘Kaxa hutsak’ proiektuan, Josu Trueba eta Iker Oizekin batera. Lehen zatia Durangoko Azokan aurkeztu arren, ez dute proiektua erabat amaitu.
Zergatik ‘kaxa hutsak’ kontzeptu hori? Joseba Sarrionandiaren poema batean erabiltzen duen definizio batetik hartu genuen. Poema horretan, erbestearen definizio pilo bat botatzen ditu. Horietako bat da erbestea kaxa huts guztiak direla. Proiektuarekin hastean, Kaxa huts guztiak izena jarri genion, eta hortik Kaxa hutsak-era pasa zen. Kontzeptu bezala asko gustatu zitzaigun. Azkenean zera esan nahi du, kaxa hutsa barrengo guztia atera duzulako izan daitekeelako, edota oraindik gauzak sartzeko edo sar ditzakezun gune bat delako. Egia da, ihesera joandako gehienek edo denek, noizbait itzultzeko ideia hori badutela, eta bueltatzeko orduan, han pilatu dituzten gauza guztiak kaxa huts horietan sartu eta buelta egin beharko dute. Izenak indarra du. Frankismo garaitik honako iheslarien egoera kontatzen duzue lanean. Zenbat iheslarirekin egon zarete? Ez nuke ziur jakingo esaten zenbatekin elkartu garen. Nik uste, orain arte, hamar batekin izan garela. Ez ditugu iheslari guztiak hartu, konturatu garelako asko ez zeudela momentuan nahi genuena emateko gorputzarekin. 2015ean, Herria dugu arnas iniziatibaren barruan, iheslari pilo bat bueltatu ziren. Orduan, bueltatzekoak ziren bi edo hiru iheslarirekin kontaktuan jarri ginen. Itzuli zirenean, ea baliagarri izango ote ziren pentsatzen hasi ginen. Itzulera horiek grabatu genituen, materiala proiekturako erabili genuen. Hala ere, iheslari ziren bitartean ez genituen elkarrizketatu eta kontzeptua aldatzen zela iruditu zitzaigun, itzuli zaitezkeenean presio edo kezka hori ez delako berbera. Pare bat pertsona alde batera utzi genituen, baina material hori guztia nolabait erabiliko dugu. Guztira, hamar batekin izan gara, eta ez dakit zenbatera iritsiko garen. Zenbat bidaia egin dituzue? Pila bat. 2005ean ihes egin zuen Gari Ibarluzeak, Ibarrakoa, Josuk laguna zuen, eta lau galdera grabatzera joan zen Londresera. Lehenengo bidaia horretatik kontatzen hasten bagara, Londresera hamar bat aldiz joan gara. Uruguain hiru hilabete pasa zituen Josuk, Brasilen ere egon da, baita Kuban ere. Gero, Baionara edo Lapurdira hogeita hamar-berrogei alditan joan gara, ez dakit zenbat aldiz. Ni Irunen bizi naiz eta gertu dut. Batez ere Latinoamerikara joan gara, ikusi genuelako bazeudela atentzioa deitzen ziguten egoera ugari. Ez ditugu bidaia gehiago egin patrikak ez zuelako ematen. Ordu luzez kamera bat atzetik izatea ez da batere erosoa izango elkarrizketatuentzat. Hori da lan honek izan duen arazo handietako bat, egun osoan zehar haiek grabatzen egotea. Guk argi genuen lan oso zintzoa egin nahi genuela. Ez genuen joan eta lau galderarekin itzuli nahi, eta batez ere haien alde humanoa edo bizitza irudietan ekarri nahi izan dugu. Eta horretarako, haiek konfiantza eman behar dizute, aurreko lan oso handia behar da. Londresko Garirekin, adibidez, errazagoa izan zen, Josuk laguna zuelako. Baina Josu Larizengana Uruguaira joan ginenean, lehenagotik telefonoz eta Internetez hiru kontaktu besterik ez genituen egin. ‘Kaixo Josu, zure bizitza erretratatzera gatoz’ esaldiarekin azaldu ginen han. Orduan, hiru hilabeteko estantzia egin genuen bertan, hau guztia grabatu ahal izateko. Konfiantza hori lortzeko eta nahi adina grabatu ahal izateko, grabatzen hasi aurretik, berarekin ordu luzez egon, asko hitz egin, mila gauza kontatu, eta biluztu egin behar zara. Hori lortzen genuenean, grabagailua eta kamara pizten genituen. Iheslariekin hainbeste denbora pasatu ondoren, ikusi duzue zein den haien egoera. Iheslari bakoitzaren egoera oso ezberdina da, eta horregatik banatu dugu horrela proiektua. Iheslarien esperientziak pakete moduko batean sartzen bagenituen, jendea oso ideia orokor batekin geratuko zela uste genuen. Horregatik, bakoitzaren esperientzia oso ezberdina delako, frankismo garaitik gaur egunerako historian momentu diferenteetan erbestera joandako jendearen bizitza erretratu dugu, baina baita arrazoi ezberdinengatik joan diren horiena ere. Hemen bada jendea Jarraiko kide izategatik joan dena, edota ETAko kide izateagatik erbesteratu dena. Ez da gauza bera 2005ean Senperera joatea edota 1988an, GALek jendea hiltzen zuelako kanpora joan behar izatea. Horregatik, iheslari bakoitzaren esperientzian arreta jarri dugu, eta istorio bakoitza banan-banan kontatuko dugu. Erbestean dauden iheslarien egoera, orokorrean, gogorra da oso. Ez bakarrik Euskal Herrian, mundu osoan ere. Norbaitek etxea utzi behar izatea arazoa da, eta legearekin arazo bat daukazulako politika arrazoi batengatik joatea sekulako fardela da. Londresen bere identitatea agerian duenarekin elkartu gara, baina baita izen faltsu batekin bizi direnekin ere. Bakoitzaren egoera oso ezberdina da, horrek ere bultzatu gaitu proiektua hastera. Aurrekoenaz gain, zenbat iheslariren istorioak kontatzeko asmoa duzue? Ez dakigu. Egun, kontatzeko moduan, bost iheslariren istorioak ditugu. Hemendik aurrera, beste bi edo hiru hartu nahi genituzke. Profil batzuk falta zaizkigu eta ukitu nahi ditugu. Orduan, gutxi gorabehera, hamar bat atera daitezke, eta dirua baldin badugu eta bidean erretzen ez bagara, gehiago egitea gustatuko litzaiguke. Hala ere, zazpi- zortzi istoriorekin geratzen bagara, pozik geratuko gara. Zein hizkuntzatan kaleratzeko asmoa duzue? Asmoa da lau hizkuntzatan argitaratzea. Lehenik euskaraz eta gaztelaniaz, gertuko guztiek uler dezaten. Frantsesez ere egin nahi dugu, eta frantsesera itzultzen baldin badugu, ingelesez ere egin beharko dugu. Horrek guztiak dakarren kostu ekonomikoa geure gain hartzeko gai baldin bagara, lau hizkuntza horietan kaleratuko genuke. Zer proiektatu zenuten asteazkenean Durangon? Proiektua pertsonetan banatu dugu, iheslarietan. Momentuz, Josu Lariz Iriondo iheslariaren bizitza kontatu dugu. 1984an Altzolatik ihes egin zuen euskalduna da Lariz, eta 1988an Ipar Euskal Herritik Uruguaira joan zena. Webgunean dauden artxibo guztietatik 50-60 minutuko metraje ertaineko film dokumental lineal bat sortu dugu, eta hori proiektatu genuen. Gainera, webgunean dagoeneko argitaratu dugu. Hori da, printzipioz, aste honetarako espresuki egin dugun ikus-entzunezko proiektutxoa. Gero, herrietatik ere proiektua aurkeztu nahi dugu, pelikulatxo moduan zabaltzeko akaso. Hiru-lau hilabetean behin iheslari baten bizitza kontatzen duen erreportajea kaleratuko dugu. Presoen eta senideen, eta iheslarien gaia jorraturik, bestelako proiekturen bat duzue buruan Bostok-etik? Bai, noski. Herri honetan mila istorio daude kontatzeko. Argi genuen Bostok-en gai zentraletako bat gu garela, eta gu hori gure gatazka politiko hori ere badela. Kaxa hutsak-ez gain, Bostok-etik, Ander Gilenearen orain arteko gatazkaren inguruko argazki artxiboaren sailkatzea egiten ari gara. Ander 1990eko hamarkadatik prentsan aritu da lanean, eta bere argazki horien digitalizazioa ere egiten ari gara. Gero, ez dakit zein beste gai atera daitekeen. Bostok bezala, herri honetako beste edozein gatazka sozial ere jorratu nahiko genuke. Pikatzen gaituen edozein gai jorratzeko prest gaude. Sortzen zaigun edozein kezkari erantzuna ematen saiatuko gara beti.«Ideia, hasieratik, euskal iheslari politikoei begi bat jartzea izan da»
Zer ikasi duzue lau urteotan? Gauza pila bat ikasi ditugu. Ezagutu dugun lehenengo gauza bideogintzaren mundua izan da. Bideogintza ez genuen sekula jorratu eta zertxobait ikasi dugu. Bestalde, horrelako lan bat hiru lagunen arteko lantalde batekin ezin dela egin ere ikasi dugu. Gure eguneroko lanaz aparte egiten dugun lan bat da, handia. Ahaztuak genituen iheslari asko daudela ere ikasi dugu, ez ginela haietaz oroitzen. Baina ez soilik Uruguain edo Rio de Janeiron daudenak, Baionan edo Hendaian daudenez ere ahazten joan gara. Gertu egon arren, haiek ezin dute etorri. Hendaiako hondartzan egotea eta Hondarribikoa ikusi eta ezin pasatzea oso gogorra da. Herriko Tabernara sartzen zinenean, argazki askoren artean, iheslarien siluetak azaltzen ziren, eta zaila da jakitea zehazki zenbat eta zeintzuk diren. Horiek hor jarraitzen dute, askotan ez gara oroitzen. Horrekin bukatu arte ez dugu gatazka erabat gaindituko, gatazkaren ondorioetako bat baita. Ahal dutenei aurpegia jarri diegu, baina batzuei oraindik ezin zaie aurpegirik jarri. Dagoeneko hogei urte baino gehiago eman dituzu argazkilaritzaren munduan. Zergatik hartu zuen Gari Garaialdek lehen aldiz kamera bat? Txikitan, gure etxean kamera bakar bat zegoen, oporretako argazkiak ateratzeko. Niri kamera hartu eta zulotik begiratzea gustatzen zitzaidan, mundua zulo horretatik begiratzea. Gero, errebelatzen ikasten hasi nintzen. 18 urterekin Ingalaterrara ikastera joan eta bertan erabat harrapatu ninduen argazkilaritzak. Poliki-poliki hasi nintzen eta konturatu nintzenerako mundu honetan sartu nintzen. Orain, erabat janda nauka.«Hendaiatik Hondarribia ikusi eta ezin pasatzea oso gogorra da»