Gaurko agerraldian, alderdiak duen jarrera plazaratu dute. Aurreko urteetan bezala, udal gobernuak aurkeztutako proposamenei zenbait zuzenketa gehitu dizkiote.
Gaurko agerraldiaren irudia.
Irungo EH Bilduk agerraldia egin du gaur. Bertan, Jokin Melida, Daniel Berasategui eta Jose Cayetano Diez ordezkariak udal gobernuak proposatutako 2018ko aurrekontuen inguruan aritu dira, eta horien inguruan alderdiak duen jarrera plazaratu dute.
Lehenik, aurtengo aurrekontuak “erabat kontinuistak” direla salatu dute, baita eredu horrekin alderdiak bat egiten ez duela. Gainera, gazteak, helduak, lana, kultura, memoria, euskara, ingurumena eta etxebizitza alderdiaren ardatz nagusiak direla nabarmendu nahi izan dute. Aurreko urteetan bezala, udal gobernuak aurkeztutako proposamenei zenbait zuzenketa gehitu dizkiote. Hiru bloke nagusitan banatu dituzte proposamenak: hiria espazio fisiko bezala, hiritarrak eta hiritarrak uztartzen dituen ekonomia jasangarria. Hiru bloke horien baitan gauzatu dituzte proposamen guztiak.
Proposamenak
Hiria arloan, gazteria, etxebizitza eta Plaiaundiko instalazioen inguruko proposamenak bota dituzte. Instalazioen inguruan, “denbora pasatzen doala” salatu dute, epeak pasatzen doazela eta “gaiari eusteko momentua dela”. Etxebizitzan, Irungo etxebizitzen egoera aztertzeko ikerketa proposatu dute eta horretarako diru partida bat bideratzea.
Hiritarrak arloaren barruan, besteak beste, Irungo euskararen egoera ikertzea proposatu dute. Kulturan, adibidez, CBA liburutegiarekin lotutako proposamenak bota dituzte. Horrez gain, Gerra Zibilean desagertutako irundarren artxibo bat sortzea ere proposatu dute, Ferrol eta Alcala de Henares-eko artxibo militarretik informazioa ateriaz.
Azkeneko blokean, ekonomia jasangarrian, Irunez gain, inguruko herritan aplikatu daitezkeen proposamenak bota dituzte. Horrela, energia berdearen zerbitzua Irunen izatea eta energia berriztagarrien baliabide azterketa egitea proposatu dute. Gainera, bizikleten erabileraren inguruko ikerketa egitea nahiko lukete. Azkenik, ingurumen arloan, Puianan “oso ondo funtzionatu” duen baratza ekologikoaren proiektua Irungo beste auzoetara hedatzea proposatu dute.
Aurrekontuak onartzeko nahitaezko indarra ez dutela onartu dute, baina hala eta guztiz ere, udal gobernuak onartzeko aukera badagoela nabarmendu dute. Gainera, aurten %2,5eko inbertsio gehiago dagoenez, koalizioak proposatutako emendakin guztiekin aurrekontuen %1era iristen ez dela salatu dute, eta hortaz, beraiekin lan egin daitekeela, “adostasun margen handia” dagoela. Bihar elkartuko dira EH Bilduko ordezkariak Miguel Angel Paez Ogasun ordezkariarekin. Bertan onartzen dituen proposamenen ondorioa izango da koalizioaren bozka.