Euskararen aldeko mosaikoa aurkeztuko dute auditorioan. Aurretik Euskara Munduan. Besteen ahotan dokumentala proiektatuko dute.
Ekainean aurkeztu zuten mosaikoaren ideia, Blagan Egunean
Blagan Euskara Elkarteak
Euskararen aldeko mosaikoa aurkeztuko du igandean Itsas Etxea Auditoriumean. Hilabeteak eman dituzte euskaltzaleen erretratuak egiten eta jasotzen. 500 argazki lortu nahi zituzten eta, zenbat izan diren igandean jakinaraziko duten arren, 700 inguru behintzat bai, kopuru horretara hurbiltzen ari zirela zabaldu baitzuten azaroaren 15ean sare sozialen bitartez.
Mosaikoa osatuta ikusteko irrikaz daude Hondarribiko euskaltzaleak, baina hori baino askoz gehiago prestatu dute Itsas Etxea Auditoriumeko ekitaldirako.
Hasteko, 11:30ean
Euskara Munduan. Besteen ahotan dokumentala proiektatuko dute (ikusi behean trailerra). Iñigo Asensiok hiru kontinentetan grabaturiko ikus-entzunezkoa da, 2014an errodatutako
Euskara Munduan lanaren jarraipena. Atzerrian bizi ziren euskal hiztunen testigantzak jaso zituen lehen zatian. Bigarrenean, euskara ikasi duten atzerritarrekin elkartu zen Asensio, eta euskara ikastera zerk bultzatu dituen jaso zuen.
Ondoren aurkeztuko dute euskararen aldeko mosaikoa. Euskararen Eguneko ekitaldi nagusia izango da herrian, eta festa bat izatea nahi du Blaganek. Horretarako, egitarau potoloa prestatu dute, eta lagun askoren konplizitatea lortu dute. Bertsolariak, Surbesta abesbatzaren emanaldia, hiru ikastetxeetako ikasleen ekitaldiak, mosaikorako aurpegia jarri dutenen arteko zozketa…
12:30ean hasiko da ekitaldia, baina dokumentala ikustera joaten ez denak saila izango du sartzea.