Abotsanitzen eta PPren emendakin guztien kontra bozkatu du udal gobernuak, 'Mariñel'-eko kudeaketa fiskaltzara eramateagatik.
Txomin Sagarzazu alkatea, atzoko osoko bilkuran
Mariñel barkuan ekainean izandako istripuaren ondorengo kudeaketarekin kexu, Hondarribiko
oposizioko lau alderdiek fundazioa uztea erabaki zuten. Bi udal taldek,
Abotsanitzek eta PPk, fiskaltzara jo zuten azaroaren lehen astean. Azaldu zutenez, informazioa eskatu eta ukatu zitzaielako hartu zuten erabakia: “Daukagun informazio ezak kezkatuta, eta informazioa eskatu arren ukatua izan zaigula kontuan hartuta, dugun informazioa eta ditugun zalantzak modu arduratsuan, fiskaltzaren esku jartzea erabaki dugu”.
Atzo iritsi zen jeltzaleen mendekua, 2018ko aurrekontua eztabaidatzeko plenoan (astelehenean argitaratuko dugu aurrekontuari buruzko informazioa). Bi alderdi horien emendakinen eztabaida hasi aurretik, Txomin Sagarzazu alkateak aurreratu zuen bere udal taldeak proposamen guztien kontra bozkatuko zuela, gehiengo absolutua baliatuz —botoen %48a lortu zuten hauteskundeetan, baina hamar zinegotzi ditu EAJk, eta 7 oposizioak—.
Joxemi Otxoteko, eztabaidan parte hartzen
Alkateak horrela arrazoitu zuen erabakia, Joxemi Otxotekoren haserre hitzei erantzunez: “Politikaren judizializazioaren zurrunbilo batean sartu gara, eta jarrera horrek ondorioak ditu, jokatzeko beste arau batzuk”. Ondoren galdera hauxe egin zuen Sagarzazuk: “Hurrengo urte eta erdian zenbat prozesu gehiago izango dira?”.
Atzo erakutsitako jarrera berak bultzatu du oposizioa Arma Plaza Fundazioa uztera, eta jarrera horregatik beragatik, iritsi da
Mariñel auzia epaitegietara. Zaldunbordaren sal-erosketa ere epaitegien esku dago, EAEko gorenak Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkarteak jarritako errekurtsoa tramitera onartu eta gero. Zaldunbordan ere, oposizio guztiaren kontra jardun zuen EAJk, eta gehiengo absolutua baliatuz atera zuen aurrera hainbesteko eragina duen gaia. Nolanahi ere, merkatariek jo zuten epaitegira, ez oposizioko udal taldeek.
Gobernuaren edo Arma Plaza Fundazioaren jardunean deliturik egon ez bada, ez dago zertan epaileen beldurra eduki. Baina udalaren jardunean legea urratu delako susmoa badute, epai-bidea hartu behar dute nahitaez zinegotziek, legeak agintzen die, ustezko lege urraketaren konplize bilakatuko lirateke bestela. Erabaki hori zigortzea, atzoko plenoan zigortu zen bezala, larria da. Izan ere, ez da politika jarduna epaitegietan aztertzen ari direna, politikaren alorrean eta hortik kanpo zenbait pertsonek burututako ekintzak baizik.
Oposizioa zokoratuta
Abotsanitzek 35 emendakin aurkeztu zituen guztira atzo, eta horietatik zazpi erretiratu, gobernuaren proposamenean jasoak zeudelako. 28 bozkatu ziren, eta ez zen bakar bat atera. EAJk denen kontra bozkatu zuen; zazpitan PSE-EE abstenitu egin zen, eta beste batean EH Bildu.
Abotsanitzeko hiru ordezkariak, atzo
PP udal taldeak, bere aldetik, bost emendakin aurkeztu zituen, eta bat erretiratu zuen bozketaren aurretik. Gainontzeko laurak atzera bota zituen EAJk, horietako bik EH Bilduren kontrako bozka izan zuten, eta beste batek EH Bilduren eta PSE-EEren abstentzioa.
PP eta Abotsanitz ez dira EAJren jarreraren kaltetu bakarrak izan. Euren emendakinetako batzuk aurrera atera ziren arren, eta gerora aurrekontuen bozketan abstentziora jotzea erabaki zuten arren, EH Bilduk eta PSE-EEk ere pairatu zuten jeltzaleen arrabola. Oposizioko gainontzeko taldeen oniritzia zuten EH Bilduren sei mozio eta PSE-EEren beste hamabi atzera bota zituen EAJk.
Honakoak dira oposizioko beste alderdi guztiek alde bozkatu, eta EAJk gehiengo absolutuaren bidez atzera botatako proposamenak.
Abotsanitzek aurkeztutakoak
- Autobusentzako aparkalekua (250.000)
- Hondartzan dutxak jartzea (10.000)
- Auzoen autobus zerbitzua (35.000)
- Komun publikoak zenbait tokitan (180.000)
- Haur parkerako estalkia (50.000)
- Kasino Zaharrean ariketa fisikoa egiteko tresneria (30.000)
- Txiplau Eremurako Urbanizazio Proiektua (15.000)
- Alde Zaharreko sarreren irisgarritasun proiektua idaztea (10.000 )
- Argiztatzea Santiagotxon (15.000)
- Panel informatiboak jartzea (10.000)
- Mugikortasun urritua dutenentzako hirigintza hobekuntzak (50.000)
- Zenbait kaleen birgaitze proiektuak (30.000)
- Mugikortasun mahaia eratzea (10.000)
- Bidegorri proiektua: Amute-Mendelu-Irun (15.000)
- Bidegorri proiektua: Ikastetxeetarako loturak (50.000)
- Bizikletentzako aparkaleku estalia (25.000)
- Bizikletentzako aparkaleku arrunt gehiago (6.000)
- Berdintasun teknikaria (30.000)
- Gazteriaren inguruko diagnostikoa (6.000)
- Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeari laguntza (10.000)
EH Bilduk aurkeztutakoak
- Berdintasun teknikaria kontratatzea (140.000)
- Balazta plataformak aurkeztutako lanketa (495.000)
- Presa-Damarri inguruaren azpian aparkalekuak egiteko azterketa (12.000)
- Autokarabanentzako araudia (7.000)
- Alokairu soziala sustatzeko bulegoa edo plangintza (20.000)
- Hileta zibiletako protokoloa onartu, martxan jarri eta areto bat atontzea (5.000)
PSE-EEk aurkeztutakoak
- Polborinaren ondoan eskailera mekanikoak ezartzeko proiektua (12.000)
- Komun publikoak Amute, Sokoa, Alde Zaharra eta Mendelun (60.000)
- Kiroldegi parean semaforoa (6.000)
- Kostako eta magaleko etxebizitzak zaharberritzeko plan berezirako aurretiko ikerketa (12.000)
- Muliateko udal lokalean Gizarte Zerbitzuen bulegoa ezartzea eta inguruan ludoteka bat jartzea (12.000)
- Nagusientzako ariketa makinak jartzea kiroldegi ondoko haur parkearen ondoan (20.000)
- Osoko bilkurak zuzenean zabaltzeko zerbitzua (12.000)
- Txiplaora Santa Engraziatik eta Muliatetik iristeko guneak hobetzea (12.000)
- Etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak (100.000)
- Etxebizitza bat erosi edo alokatzea (Higi-ondasunen %50arekin jasotakoa baliatuz), alokairu sozialeko eskaintza handitzeko (140.000)
- Auzoetan ludotekak garatzea (100.000)
- Iraupen luzeko langabetuentzako enplegua sustatzea (100.000)
PPk aurkeztutakoak
- Gizarte zerbitzuak lekuz aldatu, BAZ zerbitzua bertan gaitzeko (300.000)
- Hondarribiko ondare historikoa zaharberritzea (Berrueteren eta Ternuako Balea behe erliebeak) (147.000)