Irunen indoor bizikleta maratoia egingo dute bihar, Pausokaren alde .Etzi, Donostiako maratoian, Julen Castrillonek gaixorik dauden haurrekin korri egingo du
Artalekun egingo dute, iaz bezala, elkartasun indoor saioa.
Kirolak eta elkartasun helburuek bat egiten dutenean emaitza onak lortzen dira. Horren erakusle da Irungo Artaleku kiroldegian bihar egingo duten ekitaldia: Pausoka elkartearen alde indoor bizikleta maratoia egingo dute. Feelfitness Euskadik antolatu du, Javier Delgado kirolariaren eta Irungo Udalaren laguntzarekin. Zaintza berezia behar duten haurren gurasoen elkartea da Pausoka.
Maratoia bost ordukoa da. 15:15ean hasiko da, 20:30ean bukatzeko (ordu laurdeneko atsedenaldiarekin). Erdia ere egin daiteke, bi txandatan: 15:15-17:45 tartean da lehena, 18:00-20:30 bigarrena. Hala, bizikleta estatikoaren gainean bost orduak egin nahi dituztenek 35 euro ordaindu behar dituzte, eta erdia egin nahi dutenek, berriz, 20. Zuzenean parte hartu ez, eta ekarpena egin nahi dutenek, bost euroan eros ditzakete elkartasunezko parte hartze bonoak.
Jardueran parte hartzeko aldez aurretiko izen ematea itxita dago. Artalekun bertan, tokia balego, eman daiteke bihar izena.
Elkartasuna ere maratoian
Igandean da Donostiako maratoia, 09:00etan hasita. Oarso Bidasoko partaide asko izango dira bertan, baina batek, Julen Castrillon hondarribiarrak, ataraxia gaixotasuna duen haur baten aulkia bultzatuz parte hartuko du.
Izan ere, gaixotasun hori duten hiru haur aterako dira euren aulkian lasterketan, eta hamasei izango dira orotara horiekin 42.195 metroak egingo dituztenak laguntzaile gisara. Castrillonek adierazi du euren helburua ataraxia ezagutaraztea dela.