Abenduaren 3ra begira jarri da Irungo Udala. Hilaren 29tik aurrera, mintzodromoak, tailerrak, solasaldiak edota proiekzioak antolatu dituzte.
Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna da. Horren harira, Irungo Udaleko Euskara sailak hainbat ekimen antolatu ditu. ‘Euskara edonon’ lelopean, hilaren 29tik abenduaren 3ra bitarte hainbat ekintza prestatu dituzte.
Hilaren 29 eta abenduaren 1ean, Mintzodromo gazteak antolatu dituzte, Toki Alai, San Vicente de Paul, Eguzkitza eta Hirubideko DBH 4ko ikasleen partaidetzarekin. Mintzodromoak Mendibil Merkataritza guneko kafetegian egingo dituzte, 10:30tatik 12:00etara. Gainera, abenduaren 1ean, Irungo helduek ere Mintzodromoan parte hartzeko aukera izango dute, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Saio horietan, hiru gai ezberdin proposatuko dituzte, hamabost minutuz eztabaidatzeko. ETBko Joseba Olagarai kazetariak gidatuko ditu saioak. Gainera, Joseba Irazoki musikaria, Mikel Taberna idazlea edota Julen Zelaieta eta Eneko Fernandez bertsolariak ere bertan izango dira. Izen ematea
udaleko web gunean egin daiteke.
Abenduaren 2an berriz, San Juan plazan haurrei bideratutako tailerrak egingo dituzte, Arrasateko Txatilipurdi elkartearen laguntzarekin. 11:00etan hasi eta 12:00etan disko festa antolatu dute. Arratsaldean berriz, 20:00etan, Handia filma proiektatuko dute, Amaia Kultur Zentroan. Sarrerak doakoak dira, hortaz, interesdunek Irungo Turismo Bulegoan gonbidapenak eskatu beharko dituzte.
Bestalde, abenduaren 3rako, Irungo Udaleko balkoia apainduko eta txistularien diana egingo dute euskararen egun handiari hasiera emateko.
Gaur aurkeztu dute egitaraua Josune Gomez Euskara ordezkariak, Hizkuntz Normalizazioko David Izaga arduradunarekin.