Hilaren 25 eta 26an, Kontenporanea topaketa egingo dute Irungo CBA udal liburutegian. Gertuko zein Euskal Herriko zazpi artistek erakusketa eskainiko dute.
Gaur aurkeztu dute asteburuko egitaraua, CBA udal liburutegi aurrean.
Datorren larunbatean, hilak 25,
bigarren Konteporaneak ateak zabalduko ditu. Bi egunez, Irungo CBA udal liburutegian, eskualdeko zein Euskal Herriko zazpi gazte sortzaileri aukera emango diete euren lanak plazaratu eta arte garaikidea egun nola ikusten duten eztabaidatzeko.
Gaur aurkeztu dute egitasmoa CBAn Kultura saileko Juncal Eizagirrek, Bitamine Faktoriako Carlos Sanchez eta programa diseinatu duten Aitor Bengoetxea, Tracy Portilla eta Itziar Elosegirekin. Arte garaikidea ildo nagusia izanik, ondorengo zazpi gazteek erakusketak eskainiko dituzte asteburuan:
- Juncal Alfonso Aguilar (margoketa, Irun).
- Iraitz Arabolaza (eskultura, Irun).
- Onintza Etxebeste (argazkilaritza eta ikus-entzunezkoak, Oiartzun).
- Pau Figueres (eraldaketa urbanoa, Donostia).
- Miriam Loidi Zulet (eskultura, Irun).
- Jara Navarras Napal (argazkilaritza, Iruñea)
- Andoni Robles (serigrafia, Gasteiz).
Erakusketez gain, kontzertuak, proiekzioak edota serigrafia, diseinu grafikoa edota muralen inguruko jarduera mordoa antolatu dituzte. Larunbatean, 10:30ean zabalduko dituzte ateak eta 22:00ak bitarte zabalik izango da. Igandean berriz, 12:00etan ireki eta 21:00etan itxiko dute CBA udal liburutegiko 2017 Kontenporanea topagunea.