Ostiraletik igandera bitarte, Ficoauto azoka egingo dute Irunen. Autoak ikusi eta probatzeaz gain, finantzaketa kudeatzeko aukera izango dute bisitariek.
Ficoauto azokan ehunka auto izango dira.
Datorren ostiraletik igandera bitarte, autoen inguruko Ficoauto motor ekitaldi berezia antolatu dute bosgarrenez jarraian. Ostiralean 16:00etatik 20:00etara eta larunbat eta igandean 10:00etatik 20:00etara bitarte zabalduko dituzte ateak Ficoba erakustazokan.
Gertuko kontzesionario nagusiek hamaika modelo eramango dituzte Ficobara. Ohikoetatik modernoetaraino. Prezio ezberdinetako ehunka auto ikusgai izango dira. Horrez gain, kotxe hibridoak Ficoban bertan probatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Toyota markakoak izango dira erabiltzeko horiek. Mota guztietako autoak izango dira: erdiberriak, gerentziakoak, zero kilometrokoak, flota edota
rentingetik datozenak… Guztira, 10.000 metro koadroko eremua erabiliko dute motor ekitaldi handirako.
Autoak ikusi eta probatzeaz gain, kontzesionario moduan, modelo guztien artean bilatu eta alderatzeko aukera izango da, ondoren, kontzesionarioan bertan erosi ahal izateko. Gainera, eskura jarriko dituzten hamaika standetan ibilgailuaren finantzaketa kudeatzeko aukera izango dute auto zale guztiek. Azokarako sarrera doakoa da, baita aparkalekua ere.