Kontenporanea, arte garaikidea gazteen ikuspegitik
Hilaren 25 eta 26an sei artista gazteren lanekin gozatzeko aukera emango du Kontenporanea arte garaikidearen topaguneak. CBAn izango da.
CBA udal liburutegian egingo dute 2017ko Kontenporanea, hilaren 25 eta 26an (larunbata eta igandea dira). Bertarako Irun inguruko zazpi artista gazteri emango diete aukera zer egiten ari diren, mundua nola ikusten duten zabaltzeko. Bitamine Faktoriak dinamizatzen du Kontenporanea.
Zazpi artista horien erakusketak jarrita egongo dira CBAn jardunaldien bitartean. Honakoak dira sortzaileak:
- Juncal Alfonso Aguilar (margoketa, Irun).
- Iraitz Arabolaza (eskultura, Irun).
- Onintza Etxebeste (argazkilaritza eta ikus-entzunezkoak, Oiartzun).
- Pau Figueres (eraldaketa urbanoa, Donostia).
- Miriam Loidi Zulet (eskultura, Irun).
- Jara Navarras Napal (argazkilaritza, Iruñea)
Aukeratuak izan diren artisten erakusketez gain, ekitaldi gehiago jasoko ditu Kontenporaneak. Adibidez, kultur mahaiak izango dira, arte garaikidearekin aurrera egiteko zein baliabide dauden jakinarazteko. Horrez gain, jarduera irekiak egongo dira, serigrafiakoak, diseinu grafikokoak, muralenak, edo interbentzio artistikoak.
Egonaldiak
Kontenporanearen berri emateaz gain, Juncal Eizagirre Irungo Udaleko Kultura ordezkariak jakinarazi du artisten egonaldien iniziatiba abian dela, Europako Rutas Singulares egitasmoaren barrukoa.
Zentzu horretan, egonaldietatik lehena Miriam Isasik eramango du aurrera, Oiasso Erromatar Museoan hilaren 30etik abenduaren 22ra jarrita izango duen Monumento (in)material lanarekin. Bertan, 1936ko Gerran Irun inguruan topatutako balakaden arrastoak islatu ditu. Horrekin lotuta, tailerrak egingo dira, hainbat saiotan banatuta, irteera eta guzti. Honakoak dira:
- Abenduaren 2an, 11:00etan Oiassotik abiatuta, Miriam Isasik bisita gidatua egingo du Irun ingurutik, tartean azalduz bere lana egiteko erabili duen metodologia (ibilaldia da, arropa erosoa eramatea gomendatu dute.
- Abenduaren 3an, 11:00etan eta Oiasson, tailerra.
Bi horietarako izena Oiasson eman behar da. Gehienez, 10 kideko taldeak osatuko dira, eta horiek izena eman ahala onartuko dira.