Irun eta Hondarribiko emakumeak elkartzen dituen Su Txikian elkarte feministak urteak daramatza eskualdeko Emakumeen Etxea irekitzeko lanean. Bihar, Irunen, etorkizuna diseinatzeko bilerara deitu dituzte emakumeak.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa.
Orain bi urte inguru, Irun eta Hondarribiko emakume talde batek Bidasoaldeko lehen Emakumeen Etxea sortzeko apustua egin zuen. Horretarako, bi udalerrietako hamarnaka emakumek Su Txikian elkartea sortu zuten, eskualdeko emakumeei espresuki bideratutakoa. Egun, egitasmoak jarraitzen duen arren, proiektua geldirik dago. Hala ere, elkarteko emakumeek ez dute amorerik emango, eskualdeko Emakumeen Etxea izan arte.
Bidasoan feminismoaren lanketa «nahiko bitxia» dela onartu dute elkarteko kideek, eta hortaz, eskualdeko emakumeak elkartzea «beharrezkoa» ikusi zutela. Behar horri ahalik eta erantzun azkarrena emateko asmoarekin, elkartea «korrika eta presaka» sortu behar izan zuten 2015ean. Sortu bezain laster, pixkanaka jorratu beharreko proiektua zela ohartu ziren, pausoz pauso egin beharrekoa. Hortik, Su Txikian izena erabiltzea, su txikian, pixkanaka landu beharreko proiektua baita emakume bidasoarrentzat.
Elkartea sortu zutenean, bertako kideek zehaztu dutenez, alderdi eta ideia ezberdinetako emakumeak elkartu ziren, «talde oso heterogeneoa». Bi fasetan bana daiteke elkartearen ibilbidea. Lehena, etxearen proiektuaren sorrerakoa da. Su Txikian elkarteko kideek azaldu dutenez, elkartea Bidasoan Emakumearen Etxearen proiekturako sortu zuten. Proiektuari ekin bezain laster eta, hasiera batean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zein Irungo aurrekontu parte hartzaileetan sartu arren finantzazio bila, bere horretan utzi behar izan zuten, trabak eta arazoak izan dituztela onartu baitute elkartekoek.
Horrela, etxearen proiektua atzera bota behar izan zuten. «Arrazoi ezberdinengatik, elkarte feminista bezala lanean jarraitzea erabaki genuen», zehaztu dute. Orduan, iazko maiatzean, bigarren fasean murgildu ziren, eta proiektua alde batera utziz —ez guztiz—, eskualdeko emakumeen eskubideen alde lanean buru-belarri jarraitu zuten.
Elkarte feminista bezala lanean hasi zirenetik, hamaika ekitaldi eta jarduera egin dituzte. Besteak beste, iazko sanmartzialetan, eraso matxisten aurkako protokoloa diseinatu zuten Moskurako. Bestalde, feminismoaren gaineko hamaika jardunaldi antolatu dituzte azken hilabeteotan, bazkariak, hitzaldiak eta kontzertuak tartean.
Azken hilabeteetako jarduna Emakumeen Etxean zentratu ez arren, hori izan da elkartearen helburu nagusia. «Sorreratik, helburua, Bidasoaldeko emakumeek erreferentzia puntu edo leku bat izatea da, gure beharrak asetuko dituena. Berdin du ideologia politikoak, klase sozialak edota azal koloreak», argitu dute emakumeek. Eskualdeko emakumeen ezaugarriak batuko dituen etxea nahi dute, kolektiboaren beharrak «lehenbailehen» asetuko dituena. Etxea noizko aurreikusten duten galderari, barrez, «herenegunerako» erantzun diote kideek.
Etorkizunari begira
Bidasoko emakumeak batu dituen Su Txikian elkarte feministak lanean tinko jarraitzen du. Datorren abendurako, Irungo Udaleko Berdintasun sailarekin elkarlanean, jardunaldi bereziak antolatu dituzte. Emakumea, gorputza eta dantzaren inguruko jardunaldiak izango dira, «emakumearen eta gorputzaren inguruko hausnarketa egiteko, emakumearen gorputza dantzaren inguruan nola erabiltzen den ikusi eta plazaratzeko». Iniziatibaren data oraindik zehazteke dute elkartekoek. Gainera, egitasmo horretarako instituzioen laguntza «soilik gauza batzuentzat» jaso dutela salatu nahi izan dute Su Txikianetik.
Azken bi urteetan, etxea sortzeko eta elkartean parte hartzeko prozesua «hozten» joan dela onartu dute kideek. Egun, lantalde txiki batek gidatzen ditu elkartearen jarduera guztiak. Egoera horri buelta emateko, eta berriro Irun zein Hondarribiko emakumeak elkartzeko asmoarekin, emakume bidasoar guztiei bideratutako bilera egingo dute bihar Irunen. Peña kaleko Txokogorri elkartean, 11:00etan, berriz ere talde heterogeneoa elkartu nahi dute, eskualdeko emakumeen eskubideen alde pausoak ematen jarraitzeko. «Larunbateko bileran gure burua aurkeztu nahi dugu, nondik gatozen erakutsi eta orain arte egindako jarduerak plazaratu nahi ditugu, baita hemendik aurrera zer egin nahi dugun zehaztu ere».
Eskualdeko emakumeen artean harremandu eta elkar ezagutzeko gune berri hori burutu ahal izateko, elkarteak, lehenik, «kontzientziazio prozesu bat» egin behar duela nabarmendu dute. Soilik prozesu hori gauzatzean ikusten dute elkartekoek benetako aukera Bidasoko Emakumeen Etxea errealitate bihurtzeko.
Biharko bilerarako eskualdeko emakume guztiei luzatu diete deia, ahalik eta talde handiena elkartzeko, emakumeek zer sentitzen duten plazaratuz, arazo nagusiei konponbidea emateko. Bihartik hasita, hurrengo aste eta hilabeteetan, Irun eta Hondarribiko emakumeek elkartearen norabidea zehaztuko dute