Abenduaren 9an, Bakegileek antolatutako manifestaziora joateko Sarek irundarrak animatu ditu. Buseko txartelak eskuragarri daude Hazian eta Elatzetan.
Hamarka irundar gerturatu ziren Bidasoko Euskal Kultur Elkartera.
Abenduaren 9an, Bakegileek antolatuta, sekulako ekitaldia antolatu dute Frantziako hiriburuan. Euskal Herriko milaka lagun gerturatuko dira Parisera, Bakegileek esan bezala, “presoei aplikatutako salbuespen neurri onartezinak kendu ditzaten eskatzeko”. Irungo Sarek herritarrak mobilizaziora animatzeko, ekitalditxo bat egin zuten atzo Euskal Kultur Elkartean (EKT).
Bertan, Sareko Elixabete Aragonekin batera, Foru Sozialeko Agustin Hernan izan zen. Aieteko konferentziatik, ETAren armagabetzetik pasata, gaur bitarteko ibilbidea aztertu zuen Hernanek, ikusleak azken urteotako gertaeretan kokatzeko. Aragonek zehaztu bezala, “jada Hendaiatik joateko 1.000 lagun inguruko trena bete dugu, hortaz, busean joateko deialdia egiten diegu herritarrei”. Buseko zerrendan izena emateko Hazian edota Landetxako Elatzeta elkartean eman daiteke, 65 euroren truke. “Lehenbailehen” apuntatzeko gomendatu dute Irungo Sareko kideek, “presoen arazo honi erantzuteko jendetza elkartzea beharrezkoa baita”.
Parisen, egun osoko festa aldarrikatzailea prestatu dute. Manifestaziora kamioi batekin joango dira, eta bertara Fermin Muguruza eta Bad Soud System irundarrak igoko dira, giroa alaitzeko. 11:30ean, Montparnasse geltokitik aterako dira. Manifestazioa ondoren, festa antolatu dute Pariseko Euskal Etxean.